Gizartea -
Balantzea
EAEn hildakoen batez besteko adina 80,8ra igo zen 2019an
3 urteko gorakada izan du hamarkada batean; gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea ia 7 urtekoa da, batez besteko adinak 77,4koa eta 84,2koa dira, hurrenez hurren.
agentziak | erredakzioa
EAEn 2019n hildakoen batez besteko adina 80,8koa izan zen, hamarkada bat lehenago baino hiru urte gehiago, eta ohikoa den legez, emakumezkoak zaharrago hiltzen dira (84,2) gizonak (77,4) baino.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astelehen honetan jakinarazi duenez, 2019an 21.560 pertsona hil ziren EAEn, hau da, 2018an baino % 0,9 gutxiago.
10.756 gizon eta 10.804 emakume hil ziren, eta urtarrilean zenbatu ziren heriotza gehien; ekainean eta irailean, berriz, gutxien (1.578).
Inkestaren datu nabarmenetako bat da duela hamar urte hildakoen batez besteko adina 77,7 urtekoa zela, eta 2019an, berriz, 80,8 urtekoa; hau da, 3,1 urteko igoera izan da azken hamarkadan. Nahiz eta gizonak zertxobait gazteago hil (77,4) azken 10 urteetan, batez besteko hori 3,2 urte igo da, eta emakumeena 2,7, orain batez beste 84,2 izatera iritsi arte.
Haurren heriotza-tasari dagokionez, urtebete baino gutxiagoko 43 haur hil ziren, gehienak (32) bizitzako lehen 28 egunetan. Gainera, iaz 100 urte edo gehiago zituzten 378 pertsona hil ziren eta horietatik % 81,2 emakumeak ziren.
Estatistikaren beste datu garrantzitsu bat da hazkunde begetatiboa negatiboa izan zela Euskadin, jaiotzak baino 6.142 heriotza gehiago izan baitziren. Lurraldeka, Bizkaian 4.241 biztanle gutxiago daude, Gipuzkoan 1.729 eta Araban 172 gutxiago.
Heriotzen arrazoiei dagokienez, ia heren bat tumoreek eragin zituzten, 6.309 heriotza zehazki (guztien % 29,3). Ondoren, zirkulazio-sistemako gaixotasunak, % 26,1 (5.620 heriotza); arnasketa-gaixotasunak (% 10), eta, azkenik, buruko eta portaerako nahasmenduak (% 7,8).
Heriotzen arrazoiak desberdina izaten jarraitzen dute sexuaren arabera. Gizonen artean tumoreek zirkulazio-aparatuko gaixotasunak gainditu zituzten; emakumeen artean, berriz, kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta bigarrena, tumoreak.
Buruko eta portaerako nahasmenduek eragindako heriotzen artean, emakumeen ehunekoa handiagoa da.