Gizartea -
Euskadin
Itsasoaren maila 29 eta 49 zentimetro artean igoko da mende honetan
Gainera, klima-aldaketak airea berotzea eragingo du; bero-boladak ohikoagoak izango dira, baita euri-jasak ere (% 10 areagotu daitezke).
Erredakzioa
Itsas maila 29 eta 49 zentimetro artean igoko da euskal kostaldean, mende honetan, klima-aldaketari buruz egindako ikerketa baten arabera. Eusko Jaurlaritzak finantzatu du eta Climate Research aldizkariak argitaratu.
AZTI-Tecnalia teknologia zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Ikasketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuak egin dute txostena, AZTI-Tecnaliak prentsa ohar batean jakitera eman duenez.
Ikerketa honen arabera, itsasoaren maila igotzeaz gain, klima aldaketaren ondorioz, airea berotu egingo da; bero-boladak ohikoagoak izango dira, baita euri-jasak ere (% 10 areagotu daitezke).
Itsasoaren maila igotzeak hondartzetan izango du eragina gehienbat, Gipuzkoako kostaldean zabaleraren % 40 galdu bailezakete. Ibaien estuarioaretatik hurbil dauden hiriek ere kalteak jasango dituzte.
Gainera, padurak barrualderantz joango dira, nahiz eta mugimendu hori, neurri batean, kostaldean egindako eraikinek, dikeek eta harri-lubetek gelditu. Baliteke itsasoko uraren tenperatua 2 ºC ere igotzea sakonerako lehen 100 metrotan, eta horrek eragina izango du itsasoko bioniztasunean.
Ikerketa hau Eusko Jaurlaritzaren K-Egokitzen proiektuaren parte izan da, klima aldaketaren eragina ikertu eta horri aurre egiteko neurriak aztertzeko.