Gizartea -
Abenduko lan-gatazka
Aire-kontrolatzaileen sindikatuko buruzagiak auzipetu dituzte
Aire-kontrolatzaileen sindikatuko zuzendaritza-batzordea auzipetu dute abenduaren 3ko eta 4ko gatazkan ustez izandako erantzukizunagatik.
Erredakzioa
Aire-kontrolatzaileen sindikatuko (USCA) zuzendaritza-batzordea auzipetu dute abenduaren 3ko eta 4ko gatazkan ustez izandako erantzukizunagatik. Sedizioa, bortxa, lanpostua uztea eta bidaiariak bahitzea leporatzen diete.
Kontrolatzaileek kontrol-dorreak uzteko erabakiaren atzean sindikatuko buruzagiak izan zirela uste du epaileak. Egoerak okerrera egin eta Defentsa Ministerioak esku hartu behar izan zuen. Langileek utzitako lanpostuak hartu zituzten soldaduek, aire trafikoa berregituratzeko.
Sindikatuko kideak abenduaren 2an deitu ote zituzten azaldu beharko dute USCAko buruzagiek epailearen aurrean. Izan ere, hurrengo eguneko batzar horietan gatazka aurrera eramatea erabaki zuten kontrolatzaileek. Espainia osoko 400 aire-kontrolatzailek lanpostuak utzi zituzten abenduaren 3an eta 4an.
Camilo Cela USCAko presidenteak bi aldiz deklaratu zuen uztailean, kontrolatzaile eta sindikatuko presidente gisa. Kaosaren "arduradun bakarra" AENA enpresa publikoa izan zela adierazi zuen Celak, kolektiboari inposatutako aldaketengatik.
Jose Manuel Acevedo USCAko presidenteordea, Abel Hernandez idazkari nagusia, Cesar Alvarez Cabo Komunikazio idazkari ohia eta Daniel Zamit sindikatuko bozeramailea deituko ditu epaileak orain.