Gizartea -

Pertsonen salerosketa

Gizakien salerosketan aritzen zen talde bat desegin dute Bizkaian

Biktimek Europa zeharkatzen zuten hilabete batetik bi hilabetera bitarteko bidaietan, eta 8.000 eta 10.000 euro artean ordaintzen zituzten egoitza-txartela eskatu ahal izateko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak gizakien salerosketan eta lan-esplotazioan aritzen zen talde bat desegin du Bizkaian, eta zazpi pertsona atxilotu ditu; ustez, fruta-dendetan esplotatzen zituzten biktimak, Gizarte Segurantzan kontraturik eta altarik gabe.

Barne Ministerioak ohar baten bidez jakitera eman duenez, biktimek, pakistandarrak guztiak, 8.000 eta 10.000 euro artean ordaintzen zizkioten taldeari Pakistandik Espainiara eramateagatik; ondoren, Bizkaiko etxeetan erroldatzen zituzten, 3.000 euro ordainduta, eta fruta-dendetan lan egiten jartzen zituzten. Hiru urte betetzen zituztenean, taldeak legezko lan-kontratu bat eskaintzen zien 8.000 euroren truke, egoitza-txartela eskatu ahal izateko.

Operazioaren baitan, Polizia Nazionalak lau etxebizitza miatu ditu Bizkaian, bi Gernika-Lumon eta beste bi Bermeon, eta 93.522 euro atzeman ditu eskudirutan, telefono mugikorretan eta hainbat agiritan.

Taldeak lehorreko ibilbideak erabiltzen zituen pertsona horiek Espainian sartzeko, eta horrek Europa zeharkatzea eskatzen zuen, hilabete batetik bi hilabetera bitarteko bidaietan. Batzuetan, Libia edo Tunisiako portuetatik ere erabiltzen zituzten itsas bideak, eta airekoak, Dubaitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bizkaia Gernika-Lumo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak