Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroan, tabernak itxita eta botiloiak debekatuta gauerditik, "ez jaietan"

Ostegun honetatik, gau-aisialdiko lokalak eta kaleko botiloiak ez dituzte baimenduko 00:00etatik, festak bertan behera utzi dituzten udalerrietan, jaietarako aurreikusita zeuden egunetan.

Tabernak, "ez jaietan" dauden udalerrietan, 00:00etan itxiko dituzte Nafarroan. Argazkia: EFE.
Tabernak, "ez jaietan" dauden udalerrietan, 00:00etan itxiko dituzte Nafarroan
Tabernak, "ez jaietan" dauden udalerrietan, 00:00etan itxiko dituzte Nafarroan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gau-aisialdiko lokaletako eta kaleko botiloietako ordutegia 00:00etara artekoa izango da Nafarroan, ostegun honetatik, zaindariaren jaiak eta udal-jaiak bertan behera utzi dituzten udalerrietan, festa horietarako aurreikusita zeuden egunetan.

Asteazken honetan eman du neurriaren berri Carlos Artundo Osasuneko zuzendari orokorrak. Ordu batzuk lehenago, ebazpena sinatu du, murriztapen horiek ezartzeko. Marian Nuin Osasun Publikoko Institutuko zuzendaria ere Artundorekin batera izan da.

"Ez sanferminetan" izandako berragertzeak kontuan izanik, Gobernuak erabaki du gau-aisialdiko lokalak bi ordu lehenago itxiko dituela, hau da, 00:00etan (orain arte, 02:00etan itxi behar zuten). Halaber, 00:00etatik 06:00etara arte, debekatuta izango da alkohola taldeka kontsumitzea leku publikoetan.

Murriztapenak ostegunean sartuko dira indarrean. Toki-erakundeekin eta ostalariekin eztabaidatu dituzte, eta neurrien berri badute horiek. Trantsiziorako Nafarroako Batzordeak babestu egin zituen.

Nafarroan izandako bi agerraldi handi sanferminekin daude lotuta; hain zuzen ere, Mendillorriko berragertzea (224 kasu daude, oraingoz, foku horretan), eta uztailaren 6an egindako hamaiketako batek eragindakoa (35 lagunek eman dute positibo).

Mendillorriko berragertzea, Marian Nuinek nabarmendu duenez, "arintze-fasean dago"; hori bai, ahalegin handia egin behar izan dute, kontrolpean izateko, kutsatzeko bigarren eta hirugarren lerroetan ere atzeman baitituzte positiboak.

Egoerak hobera egin duela kontuan izanik, Osasun Sailak ostiralean indargabetuko ditu duela bi aste bertan ezarritako murriztapenak; Artundoren esanetan, "egoera oso bestelakoa da", duela 15 egunekoarekin alderatuta (orduan erabaki zuen neurri hori ezartzea, ahalik eta epe laburrenean indargabetzeko).

Zangotzan, berragertze batean, 18 kasu atzeman dituzte, eta, ondorioz, hainbat neurri abiatu zituzten; horiek indarrean jarraituko dute. Udalerri horretan, Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin egin dute lan, eta, Artundoren hitzetan, hori oso garrantzitsua da.

Uztailare 22an iragarritako neurriak, luzatuta

Uztailaren 22an lege-dekretu batek ezarritako neurriak luzatu eta zehaztu ditu Gobernuak; neurri horiek Nafarroa osoan eta egunero daude indarrean.

Besteak beste, gau-aisialdiko lokalak 02:00etan itxi behar dute, eta kaleko botiloiak debekatuta daude 02:00etatik 06:00etara arte. Taldeak, gehienez, 10 pertsonakoak izan daitezke, elkarrekin bizi diren herritarrak ez badira, ostaralaritzan eta jatetxeetan.

"Gizartearen laguntza ez badugu, honek ez du ezertarako balio", esan du Artundok. Berretsi du saihestu behar direla barbakoak, ezkontzak edo bataioak, arlo pribatuan, lagun asko biltzekoak badira: "Egoera horiek denok jartzen gaituzte arriskuan, eta agerraldiak sortzen ari dira".

Halaber, gogora ekarri du "bizitza dagoela, COVID gaitzaz gain", eta gaixotasunarekin bizitzen ikasi behar dugula, "bizitza soziala, harremanak eta ekonomia berreskuratzeko"; hori bai, azpimarratu du beharrezko prebentziozko neurriak hartu behar direla.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Nafarroa gaur Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur