Gizartea -

KORONABIRUSA

Osasun Saila Donostiako Ramuntxo Berri tabernan foku bat dagoen ikertzen ari da

Uztailaren 26tik abuztuaren 3ra establezimendu horretan egon direnek PCR proba egin beharko dute.

Gazte bat PCR proba egiten. Argazkia: EFE.
Gazte bat PCR proba egiten. Argazkia: EFE.
Gazte bat PCR proba egiten. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan kutsadura-foku bat egon daitekeen ikertzen ari da Osasun Saila, eta ostiral honetan hasiko da proba masiboak egiten uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean establezimenduan egon ziren bezeroei.

Osasun Sailak eta Osakidetzak Peña y Goñi kalean kokatutako establezimenduan egon ziren pertsonei beren osasun-zentroekin harremanetan jartzeko eskatu die PCR proba bat egiteko hitzordua eskatzeko.

Iturri berak jakinarazi duenez, probak ostiral honetan bertan egingo dituzte, goizeko bederatzietan, Groseko anbulatorioaren aurrean dagoen Okendo kultur etxean.

Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute neurri horiek "prebentziozkoak baino ez direla", eta orain duten helburu bakarra "transmisio posible bat atzematea eta kutsatze gehiago saihestea" dela azaldu eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan dute.

Goia: "Salbuespen-egoeran jarraitzen dugu, eta arreta muturreraino eraman behar dugu"

Horrekin lotuta, Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi die herritarrei "salbuespen-egoeran" jarraitzen dugula, arreta "muturreraino" eraman behar dela, eta "arduraz" ibili behar garela. Ramuntxo Berri tabernan uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean izan zirenei eskatu die osasun-zentroekin harremanetan jar daitezela, PCR proba egiteko, Osasun Sailak ere eskatu duenez.

Goiak azaldu du Donostiako Udalak Osakidetzarekin batera lan egin duela, Osasun Sistemak jarraipen-protokoloa abiatzea erabaki zuenetik; helburua izan da "tokirik egokiena topatzea, eta erraztasun handienak jartzea, proba egin behar dutenek ahalik eta lasterren egin ahal izan dezaten".

Beraz, taberna horretan izan diren guztiei eskatu die PCR proba hori ahalik eta lasterren egin dezatela, "Osakidetzari hitzordua eskatuta".

Horrez gain, gogora ekarri die donostiar guztiei salbuespen-egoeran jarraitzen dugula: "Arreta muturreraino eraman behar dugu, eta arduraz ibili behar gara, kasu guztietan. Hori egin behar dugu, egoera hau ahalik eta ondoen gainditzeko, guztion artean".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur iragarri duenez, koronabirusaren beste infekzio foku bat ikertzen ari da Aguraingo Kokolo tabernan, eta bertan proba masiboak egingo ditu uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean establezimenduan egon ziren bezeroen artean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Donostia albisteak Gipuzkoa Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Agurain Albisteak Osasun albisteak gaur Tabernak Euskadin gaur Koronabirusa Donostiako Gros auzoa