Gizartea -

KORONABIRUSA

Bi balizko foku ikertzen ari dira Gasteizen, diskoteka batean eta jatetxe batean

Kilimanjaro diskoteka eta Xixilu jatetxeetan, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak PCR probak egingo dizkie, asteburu honetan, bertan izan diren bezeroei.

Osasun Sailak lasaitasun mezua bidali die herritarrei. Argazkia: Google Maps
Kilimanjaro diskoteka Gasteizen
Osasun Sailak lasaitasun mezua bidali die herritarrei. Argazkia: Google Maps

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila balizko koronabiruseko bi foku ari da ikertzen Gasteizen, Kilimanjaro diskotekari eta Xixilu jatetxeari lotuta, hain zuzen ere. Horregatik, bi toki horietan berriki data jakin batzuean izan diren herritarrei eskatu die asteburu honetan PCR proba egitera joan daitezela.

Kilimanjaro diskotekaren kasuan, eskaria da azken 22 egunotan lokal hori bisitatu dutenentzat egin dute. Osasun Sailak zehaztu duenez, uztailaren 17tik abuztuaren 6ra Domingo Beltran kaleko diskoteka horretan egon zirenek egin behar dute proba.

Egun horietan diskotekan egon ziren bezeroek, larunbatean edo igandean (09:00etatik 14:00etara), Gasteizko Alde Zaharreko osasun-zentrora joan behar dute, edo dagokien anbulatorioarekin harremanetan jarri, aurrez hitzordua eskatzeko, PCR bat egin ahal izateko.

Amarika plazan dagoen Xixilu jatetxeari dagokionez, Eusko Jaurlaritza bertan uztailaren 31tik abuztuaren 5era arte izan zirenei zuzendu zaie, PCR proba egin dezaten.

Bezero horiek, proba egite aldera, osasun-zentroarekin jar daitezke harremanetan, 945 00 75 00 telefonoari deituz, hitzordua adosteko. Arabako Unibertsitate Ospitalean egingo dituzte PCR probak, Kanpo Kontsultetan, larunbatean eta igandean.

Asteazkenean, Ertzaintzak jatetxe hori itxi zuen; izan ere, Osasun Sailak baieztatu zuenez, langile batek positibo eman zuen. Jatetxean zeuden dozenaka bezero identifikatu zituzten, protokoloak ezarri bezala.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lasaitasun mezua bidali nahi izan die herritarrei, eta horrelako neurriak prebentziozkoak baino ez direla adierazi du, kutsatze gehiago saihesteko transmisio posible bat lehenbailehen detektatu nahi baitute.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa