Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia aktibatu dute EAEn, euriagatik
15:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, zaparrada trumoitsuak espero baitira, eta zenbait tokitan txingorra ere egin dezake. Metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearte honetarako Euskal Autonomia Erkidegoan, euriagatik.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak azaldu duenez, metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean. Abisu horia 15:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, zaparrada trumoitsuak espero baitira, eta zenbait tokitan txingorra ere egin dezake. Gainera, haize bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke ekaitz guneetan.
Astearte honetan, giro nahasi eta ezegonkorrarekin jarraituko dugu. Goizean, giro lasaia izango da nagusi, hodeiekin baina prezipitaziorik gabe. Arratsaldean, berriz, eguraldiak txarrera egingo du; ekaitzak eta zaparradak botako ditu nonahi eta zenbait lekutan mardulak izan daitezke. Haizea aldakor ibiliko da lehen orduetan, hego-ekialdekoa izango da nagusi, eta iparretik edo ipar-ekialdetik joko du arratsaldean. Tenperatura maximoak gutxi edo nahiko igoko dira.
Asteazkenerako ez dugu aldaketa handirik espero. Zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu, eta noizbehinka euria egingo du, arratsaldean eta gauean bereziki. Mendebaleko haizea ibiliko da, eta ipar-mendebaldeko haizea sartuko da arratsaldean. Tenperatura jaitsi egingo da, baina bero egingo du hainbat tokitan.