Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia euriagatik gaur EAEn, ordubetean 15 l/m2 baino gehiago pila daitezkeelako
15:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, zaparrada trumoitsuak espero baitira, eta zenbait tokitan txingorra ere egin dezake. Asteazken honetan, giro aldakorrarekin jarraituko dugu.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du asteazken honetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), euriagatik, egunaren bigarren zatian.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak azaldu duenez, metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean. Abisu horia 15:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, zaparrada trumoitsuak espero baitira, eta zenbait tokitan txingorra ere egin dezake. Gainera, haize bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke ekaitz guneetan.
Asteazken honetan, giro aldakorrarekin jarraituko dugu. Hala, zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso lainotuta, bereziki arratsaldean eta gauean. Hala, baliteke euria egitea, eta zenbait tokitan txingorra ere botatzeko aukera dago.
Goizean eta eguerdian, giro hobea izango dugu, ostarte eta guzti. Oro har, ez du euririk egingo. Haizea mendebaldetik ibiliko da, eta, arratsaldean, ipar-mendebaldetik finkatu eta indartzen joango da. Tenperatura jaitsi egingo da, baina oraindik bero egingo du hainbat puntutan.
Bihar, osteguna, eguraldia egonkortu egingo da. Zerua hodeitsu egongo da tarteka, baina zenbait unetan eguzkia izango dugu lagun, hegoaldean bereziki. Arratsaldean, baliteke euria egitea, isurialde atlantikoan bereziki. Mendebaldeko haizea ibiliko da, eta, arratsaldean, ipar-mendebaldetik finkatuko da, bolada gogorrekin kostaldean eta haizeguneetan. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira.
Testuinguru horretan, ostiralean tenperaturak gora egingo du berriro, eta beroenak 30 ºC-ren bueltan ibiliko dira lurraldeko hainbat tokitan, goizean haizeak ekialde hego-ekialdetik joko baitu. Arratsaldean, ipar-ekialdetik finkatuko da. Zeruan hodei gutxi ikusiko ditugu goizean, baina arratsaldean hodeiak ugarituko dira eta baliteke zaparradaren bat edo beste botatzea isurialde atlantikoan.