Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Ustez bikotekideari masailezurra apurtu diolako atxilotu dute Erandion
Atxilotua 29 urteko gizonezko bat da. Antza, eztabaida baten ostean ukabilkada bat eman zion bikoteari eta masailezurra hautsi. Emakumea osasun zentro batean ingresatuta dago.
Erredakzioa
Ertzaintzaren agenteek 29 urteko gizonezko bat atxilotu dute Erandion (Bizkaia) ustez bikotekideari ukabilkada bat eman eta masailezurra apurtu diolako.
Herrizaingo Sailetik jakinarazi dutenez, gertakaria atzo jazo zen. Ospitale batean ingresatuta zegoen emakume bat indarkeria matxistaren biktima izan zitekeela ohartaraziz dei bat jaso zuen Ertzaintzak.
Antza, erasoa Erandioko etxebizitza batean gertatu zen. Ertzaintzaren agenteak ustezko erasotzailearen bila hasi ziren eta metroko geltoki batetatik irteten ari zen unean atzeman zuten.