Gizartea -

Liskarrak Bilbon

Kukutzako istiluetan 31 pertsona atxilotu dituzte

Eraikinaren eraiste lanek aurrera jarraitu dute larunbatean, istilu gehiagorik sortu gabe.

24 lagun atxilotu dituzte indusmakinak Kukutzan sartzea eragozteagatik. Argazkia: EFE
24 lagun atxilotu dituzte indusmakinak Kukutzan sartzea eragozteagatik
31 atxilotu Kukutzaren eraispenaren ondorengo istiluetan

04:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Kukutza gaztetxea Bilboko

Atxilotu guztiei bi delitu leporatzen dizkiete: desordena publikoa eta agintearen kontrako atentatua. Larunbat arratsaldetik aurrera, epailearen esku utzi dituzte 31 atxilotuak, Ertzaintzak Europa Press albiste agentziari emandako informazioaren arabera.

Atzo, ostirala, eguerdian eraikina eraisteko agindua eman zuen epaileak eta 17:00ak aldera kaleak hartu zituen indarkeriak. Ordu horretan gaztetxea eraisteko indusmakinak heldu ziren eta Kukutzako defendatzaileek informazio horren berri izan dute.

Eraisteak aurrera jarraitzen du

Larunbat arratsaldean, Kukutza gaztetxeko eraiste lanek aurrera jarraitzen dute Errekalde auzoko bizilagunak normaltasunera bueltatzen diren bitartean.

Bizilagun horietako batek "amorrua" eta "inpotentzia" agertu ditu. Aldi berean galdera bat egin du: "norbait zure etxean sartzen bada, zenbat denbora itxaron behar duzu epaiketa bat egin eta handik ateratzea erabaki arte?"

Beste bizilagun batek, aldiz, Kukutzak Errekaldeko auzoaren alde egindako lana goratu du. Bere hitzetan, garai batean "dena abandonatuta" zeukaten eta orain "Errekalderen alde egiten ari zirenei, eraikina kendu eta bota egiten dute", "tristea da auzo guztiarentzat", gaineratu du.

Makineria oztopatu

Manifestariak edukiontziak iraultzen eta gurutzatzen hasi ziren gaztetxearen inguruetan, indusmakinak Kukutzara heltzea oztopatzeko.

Ertzaintzak esku hartu eta manifestariak sakabanatu zituen. Edukiontziak errepidetik kendu eta indusmakina handi bat gaztetxera heldu zen.

Kaputxadun langileek eraispena gauzatu zuten, argindarra eta ur eta gas horniketa moztuz. Obra-hondakinak erori zitezkeen zona sokaz hesi zuten langileek. Une horretan Ertzaintzaren eta manifestarien artean aurreneko liskarrak gertatzen ari ziren. Era berean, ertzainak lehen atxiloketak egiten hasi ziren. Agenteak sorospen-etxean, tabernatan eta etxebizitzetako atarietn sartu ziren atxiloketok egiteko.

Eraistea

18:10 aldera eraikina eraisten hasi ziren. Errekaldeko bizilagunak eta gaztetxeko erabiltzaile ohiak hasierako amorrutik tristurara pasa ziren eraikineko hormak erortzen hasi zirenean.

Ertzaintzak manifestariak sakabanatzen jarraitu zuen, izan ere, gaztetxetik 500 bat metrora kontainerrak gurutzatzen eta objektuak jaurti zituzten. 20:00etan protesta egiteko manifestaldia hasi zenean istiluak areagotu ziren.

Ehunka gazte talde txikietan antolatu eta Gordoniz, Salvador eta Calixto Diez kaleetan edukiontziak gurutzatu eta ondoren su eman zieten.

Protestak Bilboko udaletxean

Gauean istiluak eta liskarrak Bilboko erdialdera eraman dituzte manifestariek, Herrizaingo Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Errekaldeko auzoa utzi eta gero, manifestariak hiriko udaletxera abiatu ziren elkarretaratzeak jarraitzeko.

Ehunka laguneko protesta bat sakabanatu zuen Ertzaintzak Bilboko udaletxearen parean, manifestariek eraikinaren eta ertzainen kontra harriak bota zituztelakoan.

Gaueko autobus zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen Bilboko Udalak.

Arana (EB): 'Ertzaintza indarkeriaz aritu da'

Kukutzaren husteari buruz, Mikel Arana EB-Berdeak alderdiko koordinatzaile nagusiak "basakeriaz jokatzea" egotzi dio Ertzaintzari. Honen esanetan, "gauzak beste modu batera egiteko aukera zegoen".

Radio Euskadiko "MQP" saioan izan da Arana. Honen arabera, jazotako istiluetan "Ertzaintzak badu erantzukizuna, eraispena aurrera eramateko biderik okerrena aukeratu zuelako".

"Basati batzuk ibilgailuak eta zaborontziak erretzeagatik, ez da bidezkoa Kukutza proiektu osoa deslegitimatzea", adierazi du Aranak. Zentzu honetan, "lekua husteko Ertzaintzak erabilitako indarkeria" azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea