Gizartea -

Kukutza

Istiluak 'planifikatuta eta zuzenduta' zeudela dio Aresek

Kale borrokarekin lotu ditu istiluak Aresek. Iskanbiletan "delitu aurrekariak eta genero indarkeriagatik salaketak dituzten lagunek" ere parte hartu dutela esan du.

Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburua. Argazkia: EITB
Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburua. Argazkia: EITB
Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea eraistearen ondorioz egon ziren istiluen kondena adierazi du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. "Planifikatuta eta zuzenduta" zeudela esan du, istiluak sortu zituztenek motxiletan lehergailu su-eragileak omen zituztelako. "Hori ez da bat-batean egiten, prestatu egiten da eta batzuk aginduak ematen egon ziren", esan du Aresek.

Denera 31 atxilotu egon direla baieztatu du, "kale borroka inguruko amalgama osatzen duten pertsonak, aurrekari deliktiboak dituztenak" direla adierazi du.

"Atxilotuetako batzuk, oso gazteak asko, euskaldunak dira, beste batzuk ordea Espainia osotik etorri dira, baita atzerritik ere", azaldu du Herrizaingo sailburuak. Izapideak amaituta, seguruenik, desordena publiko eta autoritatearen kontrako karguekin aske geldituko dira. Aresen hitzetan, "atxilotuetako batzuk delitu aurrekariak dituzte, indarkeria matxistagatik batzuk" eta atxilotuetako bat Bizkaiko herri bateko zinegotzi izateko hautagaia izan zela esan du, "kale borrokarekin harreman estua izan du", gaineratu du. Kukutza defendatzeko aitzakiarekin "triskantzaz beteriko hiri-gerrilla bat" sortu zutela salatu du Aresek.

Aresen arabera, "aurrez antolatutako istiluak" izan dira, eta azpimarratu du Ertzaintzak ondo erantzun duela. Eurengatik eta udaltzain eta suhiltazileengatik ez balitz, esan du, "Errekaldeko etxebitza batzuk su hartu ahal izan zuten", eta "piromano hauek Errekalde eta Bilboko beste auzo batzuk kiskali ahal izan zuten.

Zentzu honetan, Ertzaintzak euren zeregina egin zuela azpimarratu du. "Min handia pairatu zuten, iraindu egin zituzten, mehatxuak jasan zituzten eta harrika hartu zituzten", eta horietaik lau zauritu zirela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea