Gizartea -
Liskarrak Bilbon
Hiru atxilotu Bilbon edukiontziak erretzea egotzita
Hiru lagun atxilotu dituzte bart sua eragiten duten pastillak zituztela, ustez edukiontziak erretzea egotzita. Gainera, lagun bat zauritu da sua itzaltzen saiatzen ari zenean.
Erredakzioa
Sua pizteko psatillak zeramatzaten hiru gazte atxilotu dituzte bart Bilbon edukiontziak erretzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Bart hiru edukiontzi kiskali dira Bilboko kaleetan. Pertsona bat, gainera, erre egin da, horietako bat itzaltzen ari zenean, eta ospitalera eraman behar izan dute.
Lehen edukiontzia Calixto Legina kalean erre dute 03.30ean. Sugarrek ondoan zeuden lau kotxeri kalteak eragin dizkiete.
05.15ean Izaro kalean beste edukiontzi bat erre dute. Bertan, inguruko kotxeak ez erretzeko sua itzaltzen ari zen lagun bat zauritu da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Minutu batzuk beranduago, Tiboli kalean beste zaborrontzi bat erre dute, baina segituan itzali dute. Barruan Ertzaintzak sua eragiteko pastillak aurkitu ditu.
Goizeko seiak baino pixka bat lehenago, inguruan Ertzaintzak horrelako pastillak zituzten hiru gazte atxilotu ditu, ustez gertakari honekin lotura izateagatik.
Kukutzaren eraisketagatik joan den ostiralean Bilbon izan ziren istiluekin zerikusia duten ikertzen ari da orain Ertzaintza.Istilu horietan 57 edukiontzi kiskali eta 5 kotxe erre zituzten. Gainera, beste 50 autori ere kalteak eragin zizkioten.