Gizartea -
Gertakaria
Hernanin eta Urnietan 14 kotxe erretzeagatik atxilotuta
24 urteko gazteari, goizaldean Hernaniko erdigunean 9 auto eta edukiontzi batzuk erre izana egotzi diote. Halaber, Ertzaintzak larunbat goizaldean Urnietan beste bost auto erre izana ere leporatu dio.
Erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu dute, Hernanin eta Urnietan hamalau auto eta edukiontzi batzuk erretzea egotzita
Hernaniko Ertzain-etxeko agenteek, Udaltzaingoarekin lankidetzan, delitu aurrekariak dituen 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Hernanin eta Urnietan hamalau auto eta edukiontzi batzuk erre izana egotzita. Gaur goizaldean Hernani udalerriko erdigunean bederatzi auto eta edukiontzi batzuk erre izana egotzi diote. Halaber, Ertzaintzak larunbat goizaldean Urnietan beste bost auto erre izana ere leporatu dio.
Atzo, igandea, gaueko hamaika eta erdiak aldera, herritar batzuek Ertzaintzari eta Hernaniko Udaltzaingoari deitu zieten, udalerri horretako zenbait kaletan auto eta edukiontzi batzuk erretzen ari zirela esateko. Kale horietara joandako agenteek sua itzaltzeari ekin ziotenean, Atzieta kalean Seat Ibiza bat eta Hyundai Getz bat erretzen ari zirela jakinarazi zieten.
Apur bat geroago, agenteak gertakari horien egilea bilatzeko asmoz herrian zabaltzen ari zirenean, Volkswagen markako furgoneta bat eta Citroen Saxo bat sutan ikusi zituzten Izpizua kalean. Halaber, Nafar kalean, aurreko kalearen perpendikularrean, beste ibilgailu bat, Opel Antara bat, ikusi zuten sutan. Agenteek baieztatu zutenez, erabat kiskalita geratu ziren bost ibilgailu horiez gain, beste lauk jasan zituzten kalteak sugarren ondorioz.
Sua itzaltzen saiatzen ari ziren bitartean, agenteek gizonezko susmagarri bat ikusi zuten inguruetan. Horren ezaugarri fisikoak bat zetozen aurretik zenbait herritarrek gertakari horien ustezko egilearen gainean eman zieten ezaugarriekin.
Gertakarien ustezko egilea, 24 urteko gizonezko bat, atxilotu egin zuten, kalte delitu bat egotzita. Atxilotu zutenean, susmagarriak poltsa bat zeraman aldean, egunkari-paperez eta trapuz beteta, eta horrez gainera, hiru metxero atzeman zizkioten poltsikoan.
Ertzaintzak gerora egin dituen ikerketa batzuei esker, iragan larunbat goizaldean Urnietako Zabaleta kalean bost ibilgailu erretzearekin lotu ahal izan dute atxilotua.
Beharrezko eginbideak betetakoan, datozen orduotan Gipuzkoako hiriburuko guardiako epaitegiaren esku utziko dute.