Gizartea -
Kristalak puskatu dira
Lehergailu bat leherrarazi dute Manuel Fraga jaio zen etxean
Eztandak ez du kalte oso handirik egin eta ez dute Galiziako Gobernuko lehendakari ohiaren izena izango duen museoaren inaugurazioa atzeratuko.
Erredakzioa
Lehergailu bat leherrarazi dute Manuel Fraga Galiziako Gobernuko lehendakari ohi eta PPko lehendakari sortzailea jaio zen etxean. Politikari galiziarraren etxea ostiral honetan zabalduko dute haren izena duen fundazioaren museo bezala. Nolanahi ere, lehergailuak ez du kalte oso handirik egin, kanpin bonbona batez eta bolbora apur batez egina baitzegoen.
Manuel Fraga jaio zen eraikina museo-etxe bihurtu dute eta Galiziako lehendakari ohi eta PPko lehendakari sortzailearen izena eramango du. Urtebeteko lanen ostean azken ukituak ematen ari dira, ostiral honetan irekitzeko.
Astelehen honetako 06:00ak inguruan izan da atentatua, eta kalte material batzuk egin ditu. Lehergailua Villaba herriko Pravia kalean jarri dute, etxearen sarrerako atean.
Larrialdi zerbitzuek 06:20 aldera jaso dute abisua. Pertsona batek deitu du, abisua emateko, eta Fraga jaio zen etxean "soinu ikaragarria" entzun dela esan du. Eztandaren eraginez, Fragaren etxeko eta alboko etxeetako lehietako kristalak apurtu dira.
Gobernuak lehergailua jarri dutenak aurkituko dituela uste du. Miguel Cortizo Gobernuak Galizian duen ordezkariak esan duenez, "lehergailuaren ezaugarriak ikusita, oso litekeena da Galiziako Erresistentzia taldeak jarri izana". Lehenago ere leporatu izan dizkiote horrelako erasoak independentzia aldeko muturreko talde horri.