Gizartea -

KORONABIRUSA

661 positibo gehiago EAEn azken orduetan, 105 kutsatu eta hildako bat Nafarroan

Euskadin atzemandako koronabirus kasu berrietatik 388 Bizkaian izan dira, 143 Gipuzkoan eta Araban 129 atzeman dira.

Jendea kalean maskararekin. Argazkia: EFE.
Jendea kalean maskararekin. Argazkia: EFE.
Pandemia hasi zenetik EAEko hirugarren zifrarik altuena: 661 positibo

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak 661 positibo berri atzeman ditu azken 24 orduetan PCR proba bidez, pandemia hasi zenetik hirugarren zifrarik altuena. Euskadin jakinarazitako kasu berrietatik 388 Bizkaian izan dira, 143 Gipuzkoan eta Araban 129 atzeman dira. Gainera, EAEtik kanpo bizi den beste pertsona batek ere positibo eman du.

35 pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituzte Euskadin azken orduetan, eta 21 pertsonak Zaintza Intentsiboko Unitatean jarraitzen dute.

Osasun Sailak argitaratu duen oharraren arabera, larunbatean 7.359 PCR proba egin ziren, eta haietatik % 9a izan zen positibo.

Herriei eta R0 indizearen inguruko datu zehatzak, ostera, astelehenean jakinaraziko ditu Osasun Sailak.  

Astelehenean Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak covid-19aren jarraipenerako batzordea gidatuko du Euskadiko egoera epidemiologikoa aztertzeko. Bilera horretan beste hainbat sailburu ere izango dira, hala nola Nekane Murga Osasun sailburua.

Pertsona bat hil da eta 105 covid-19 kutsatu berri atzeman dituzte Nafarroan

Pertsona bat hil da Nafarroan covid-19agatik azken orduetan eta beste 105 kasu gehiago atzeman ditu osasun sistemak. Gainera, hiru pertsona ospitaleratu egin behar izan dituzte.

Hildakoa 88 urteko emakume bat da. Nafarroako Ospitalean artatzen ari ziren baina ezin izan du gaixotasuna gainditu.

Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken egunean 1.723 PCR froga egin dituzte.

Iruña eta Iruñerria dira kasu gehien dituzten zonaldeak, Tutera eta Lizarra ondoren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Bilbo Donostia argazkiak Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak COVID olatu berria Osasunbidea