Gizartea -
KORONABIRUSA
Ez dago positibo berririk Gasteizko ertzain-etxean
Atzo 157 PCR proba egin zitzaizkien Gasteizko ertzain-etxeko profesionalei. Orain arte 38 proben emaitzak ezagutu dira, eta guztiek negatibo eman dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, atzo, igandea, 157 PCR proba egin ziren Gasteizko ertzain-etxean. Orain arte 38 probaren emaitzak ezagutu dira, eta guztiek negatibo eman dute.
Iragan larunbatean, Gasteizko ertzain-etxean diharduten 13 langilek positibo eman zuten COVID-19a atzemateko proban, eta etxean isolatuta zeuden, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez. Kutsatuekin harreman zuzena izan duten beste 32 lagun ere konfinatuta zeuden, PCR proben emaitzen zain.
Segurtasun Sailak baieztatu zuenez, Osalanek eta Osakidetzak zehaztutako protokoloak jarraitzen ari dira, eta, osasun adituek eta epidemiologoek hala eskatuz gero, neurri gehiago hartuko dituztela gaineratu du.