Gizartea -
SEXU-ERASOA
Gizon bat atxilotu dute Irunen emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu du Irunen emakumezko bati sexu-erasoa egitea egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 21 urteko gizonezko bat atxilotu dute Irunen emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Ezbeharra etxebizitza batean gertatu da.
Atzo, igande goizaldean, emakume batek salaketa jarri zuen ertzain-etxean ezagun batek sexu-erasoa egiten saiatu eta gero.
Biktimaren esanetan, goizaldeko 02:30ak aldera, beste neska lagun batekin eta bi gizonezkorekin horietako baten etxera joan zen.
Etxebizitzako jabearekin gela batean bakarrik geratu zenean, gizonak atea kisketarekin itxi zuen. Emakumeari indarrez eutsi zion, ohe gainera bota zuen eta ukituak egiten hasi zitzaion. Biktimak ihes egitea lortu zuen eta etxetik alde egin zuen.
Biktimak salaketa jarritakoan, Bidasoa Ospitalera eraman zuten, artatzera.
Ertzaintzak ustezko erasotzailea identifikatu ondoren, goizeko 10:00etan atxilotu zuten Irunen.
Beharrezko eginbideak betetakoan, epailearen esku utzi dute (aurrekariak ditu).
Udalaren gaitzespena
Irungo Udalak, bestalde, sexu eraso saiakera gaitzetsi du.
Ohar baten bidez, Jose Antonio Santano Irungo alkateak elkartasuna adierazi dio biktimari, eta edozein erasorekiko "gaitzespena" adierazi du.
Udalak, astearte honetan, eraso-saiakera hori gaitzesteko, arratsaldeko zazpietan, San Juan plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.