Gizartea -
Blbo
Familia Nekazaritzaren Biltzarrak gosearen aurkako lana aztertuko du
"Mundua elikatu. Planeta zaindu" leloarekin, gosea, pobrezia eta elikadura txarra izango dituzte hizpide Familia Nekazaritzaren Biltzarrean.
Erredakzioa
200 pertsona baino gehiago bilduko dituzte hitzaldietan: nazioartean ospea duten 30 aditu, baserritarrak, politikariak... Antolatzaileek esan dutenez, "benetako politika eta neurri zehatzak" eskatuko dituzte familia ekonomiei laguntzeko.
Jose Maria Zeberio Munduko Landa Foroaren zuzendariak azpimarratu duenez, adituek eztabaidak eragingo dituzte Bilbon, etorkizunari begira, eta "munduko laborantza erakunde guztiak" izango dira bertan.
"Arazoen jatorria zein den aztertzea eta munduko landa guneen garapena bultzatzea" garrantzitsua dela esan du Zeberiok. Horretarako, erakunde horrek azpimarratzen dituen bost arazo nagusiak aztertuko dituzte hitzaldian: lurra eta ura eskuratzea, merkatuan sartzea, gazteak, emakumeak eta nekazaritza politikak.
Munduko Landa Foroaren idazkari exekutiboak jakinarazi duenez, bi gonbidapen jaso dituzte hitzaldi hauen ondorioak aurkezteko; bata Erroman egingo den Elikagaien Segurtasuneko Batzorderako da, eta bestea Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) urriaren amaiera inguruan emango duen hitzaldi sortarako.
"Familia nekazaritza produkzio eredua" da Bizkaian eta Euskadin, Irene Pardo Bizkaiko Nekazaritza diputatuaren hitzetan.
Horrez gain, Bizkaiko ekoizleak kalitatezko elikagaiak, osasungarriak eta seguruak eskaintzen ari zaizkio gizarteari. Gainera, "Bizkaia eta bertako natura ere zaintzen ari dira". Horrenbestez, nekazariez gain, gainerako guztiek ere ekimen hauetan parte hartzeko eskatu dute.