Gizartea -

Koronabirusa

Ikasturtea abian da Ipar Euskal Herrian, 11 urtetik gorakoek maskara aldean dutela

Gaur hasi dituzte eskolak, itzulera mailakatu gabe baina prebentzio-neurriak indartuta. Distantzia fisikoa mantentzea ez da derrigorrezkoa izango.

Ume batzuk, eskuak garbitzen, eskolara sartu baino lehen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Ume batzuk, eskuak garbitzen, eskolara sartu baino lehen.
Ikasturtea bihar hasiko da Ipar Euskal Herrian

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko ikasleek gaur, irailaren 1ean, hasi dituzte eskolak, aurreikusita zegoen bezala. Dena dela, ezohiko ikasturte hasiera honetan, 11 urte baino gehiago dituzten pertsona guztiek maskara jarri beharko dute, derrigorrez. Gainera, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, neurri gehiago aurreikusten dituen protokolo bat prestatu dute agintariek.

"Eskolak ez dira osasun arloko krisi honetatik salbu egongo. Horregatik ez dut ikasturte berriko hasiera atzeratu nahi izan. Maiatzeko eta ekaineko esperientzia baliatuko dugu", adierazi du Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Itzulera ez da mailakatua izango, baina gaitza zabaltzea saihesteko prebentzio-neurriak indartu dituzte. Hala, irakasle guztiek maskarak eraman beharko dituzte, haurtzaindegietako zein haur eskoletako irakasleek barne, orain arte betebehar horretatik salbuetsita zeuden arren.

Protokolo horrek Frantziako Gobernuak ezarritako oinarrizko osasun-neurriak jasotzen ditu, hala nola, eskuak maiz garbitzea eta ikasgela zein espazio irekiak sarri garbitzea eta aireztatzea. Dena dela, maskarak ez dituzte doan banatuko.

Gainera, ikasleak eta irakasleak distantzia fisikoa errespetatzen saiatu beharko dira, baina ez da derrigorrezkoa izango distantzia mantentzea ezinezkoa bada edo klase bateko ikasle guztiak hartzeko oztopo bada.

Ikasgela batean konfinamendu mugatuak edo behin-behineko itxierak ezartzen badira, ikasturtea telematikoki jarraitu ahal izateko sistema prest dute jada, online jarraitu ahalko dituzten ehunka klaserekin. Gainera, eskolaz kanpoko klaseak eskainiko dizkiete ikasleei, astean hiru ordu inguru.

Protokoloa uztailean prestatu zuten, baina agintariek diote ez dagoela zaharkituta, egoerak okerrera eginez gero neurri zorrotzagoak aurreikusten dituelako. Dena dela, oraingoz ez dituzte neurri horiek publiko egin, egoera epidemikoak ez duelako halakorik eskatzen.

Dena dela, irakasleen sindikatuak ez datoz bat Frantziako Gobernuak ikasturtearen hasierarako ezarri dituen prebentzio-neurriekin, haien ustez, oraindik jorratu gabe dauden arlo asko baitaude, jantokien kasua, esaterako (horientzat ez dago araurik, gomendioak baizik).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Maskarak koronabirusa