Gizartea -

Assalam meskitan

Idoia Mendia ordezkari islamiarrekin bildu da

Gurtza-lekuei buruzko lege-aurreproiektuaren inguruko xehetasunak eman nahi izan ditu bilkuran Idoia Mendiak, une honetan idazketa-fasean baitago testu hori.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburua Idoia Mendia eta sail horretako Giza Eskubideen zuzendari Ines Ibañez de Maeztu Bilbon izan dira gaur arratsaldean, Assalam meskitan. Bertan, Euskal Herriko Islamiar Komunitateen Batasuneko ordezkariekin bildu dira. Bisitaldian zehar, tokiko musulman berri talde batekin hizketan aritzeko aukera izan dute, eta meskitako musala txikia (otoiztegia) ere bisitatu dute.

Batzarrak agerian utzi du Eusko Jaurlaritzak autonomia-erkidegoan dituen erlijio eta kredo minoritarioen elkarteekin zuzeneko hartu-emanak izateko daukan asmoa. Idoia Mendiak gurtza-lekuei buruzko lege-aurreproiektuaren inguruko xehetasunak eman nahi izan ditu bilkuran, izan ere une honetan idazketa-fasean baitago testu hori, Euskadiko erlijio-aniztasunak puri-purian jarri dituen zalantzei erantzuna emateko helburuz.

Proiektua Legebiltzarrera 2012ko bigarren hiruhilekoan bidaltzea aurreikusi du gobernuak. Lege horretan gurtza-lekuak neutraltasunez arautu nahi dituzte, erlijioan jardutea errazteko, lokalen segurtasuna eta osasun-egoera zaintzeko eta herritarrek ordena publikoari dagokionez dituzten oinarrizko eskubideak babesteko helburu bakarrarekin.

Giza Eskubideen Zuzendaritzak Euskadiko Erlijio Aniztasuna eta Politika Publikoak izeneko mintegia antolatu du orain dela gutxi Bilbon eta, horrez gain, 'Pluralidades latentes. Minorías religiosas en el País Vasco' (Icaria argitaletxea) liburuaren argitalpenean parte hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea