Gizartea -
EUTANASIAREN ALDEKO BORROKA
Facebookek eten egin du eutanasia aldarrikatzen ari zen gaixo frantsesaren emankizuna
Alain Cocqek gaixotasun sendaezina du, eta Frantzian eutanasia legezkoa ez dela salatu eta lege aldaketa aldarrikatu nahi ditu. Facebookek bere bideoa blokeatu du.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Alain Cocq 57 urteko frantsesak jateari, edateari eta orain arteko botikak hartzeari utzi zion atzo, irailak 4, bere burua hiltzen uzteko asmoz. Amaiera hori zuzenean ematen ari zen, gainera, Facebook bidez. Hala ere, Facebookek bere bideoa blokeatu du, Cocqek berak salatu duenez, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurrean kexa adieraztera deitu ditu bere jarraitzaileak.
Gaixotasun sendaezina du Cocqek duela 34 urtetik, eta ohetik altxa ezinda izan da azken bietan. Frantzian eutanasia ez dela legezkoa salatu nahi du bere heriotzarekin.
Emmanuel Macron presidenteari idatzi zion "heriotza duinerako eskubidea" errespeta ziezaiola eskatuz, baina honek ukatu egin zion mediku batek barbiturikoak errezetatu ahal izatea. "Hiltzeko laguntza aktiboa eskatzen duzu baina une honetan hori ez du baimentzen gure herrialdeko legediak" erantzun zion presidenteak. Izan ere, Claeys-Leonetti indarrean den legeak gaixo terminalen kasuan bakarrik baimentzen du sedazio sakona.
Jean-Luc Romero-Michel Parisko Udalaren giza eskubideen aldeko eta diskriminazioaren kontrako borrokaren arduradunaren albokoa, Heriotza Duinerako Eskubidearen Elkarteko presidente ere badena, Cocqen etxean izan zen aurreko asteazkenean bere babesa ematen. Komunikabideei esan zienez, Cocqen gaixotasuna okerrera joan da eta "oraintxe ohean harrapatuta dago jasan ezin duen sufrimenduarekin". Buruari erabat eusten diola ere jakinarazi du baina fisikoki guztiz menpekoa dela eta lau pertsonaren laguntza behar duela bere beharrak asetzeko.
"Ostiral gauetik ez du ezer jango, hidratatzeari utziko dio eta ez ditu hartuko bizirik eusten dioten botikak. Litekeena da hiru aste behar izatea hiltzeko, imajina ezazue ze lazgarria den horrela hiltzea" hausnartu du. Eta hori horrela izanda ere, Cocqek hartu duen erabakiaren eskuzabaltasuna nabarmendu du, eutanasia erregulatu eta lagunduriko suizidioa arautzeko azken muturreraino borroka azken muturrera eramateagatik.
"Duela 20 urtetik hona gai honen inguruan egin diren galdeketen arabera, frantziarren %85 ados dago eutanasia legeztatzearekin eta lagundutako suizidioarekin, bai ezkerrekoak baita eskuin muturrekoak ere, Marine Le Penen boto-emaileen %95, adibidez" gogoratu du Romero-Michelek.
Frantziako Parlamentuko diputatu gehienak lege bat onartzearen alde daude, baina Parisko Udaleko ordezkariaren arabera, hori ez da aurrera ateratzen osasun sektoreko enpresen presiopean daudelako zenbait politikari.
Buru duen elkarteak Alain Cocqen aldeko kanpaina hasiko du sare sozialetan eta modu duinean hil ahal izatea legezkoa izatea aldarrikatuko dute berriz ere.