Gizartea -

COVID-19

935 positibo gehiago atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

745 izan dira EAEn, eta gainerako 190 Nafarroan. Gainera, koronabirusa zuten hiru hildako izan dira azken 24 orduetan Foru Erkidegoan.

Koronabirusa atzemateko PCR probak. Argazkia: EFE
Koronabirusa atzemateko PCR probak
935 koronabirus kasu berri Hego Euskal Herrian, azken orduotan

3:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

745 positibo gehiago atzeman dituzte azken 24 orduetan EAEn, eta horietatik erdia baino gehiago Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan zabaldutako datuen arabera.

Ostiral honetan 9.826 PCR proba egin dituzte, aurreko egunean baino 15 gutxiago, hortaz, positiboen tasa % 7,6koa da. Lurraldeka, 406 kasu izan dira Bizkaian, 223 Gipuzkoan eta 114 Araba. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean beste bi kasu atzeman dituzte.

Erietxeen egoerari dagokionez, covid-19a duten 36 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta, egun, 47 gaixo daude ZIUn (aurreko zenbaketan baino bat gutxiago).

Bestalde, Mungiako Goieta tabernan egindako baheketan, 604 PCR proba egin dituzte Urdulizko Ospitalean, eta 31 positibo atzeman. Irungo Gaztelumendi tabernari dagokionez, 889 test egin dituzte Ficoban eta dagoeneko 7k positibo eman dute.

Udalerrietako kasuak eta R0 indizea astelehenean eguneratuko dira.

Nafarroa

Bestalde, 190 kasu positibo gehiago atzeman dituzte Nafarroan, Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak zabaldutako datuen arabera. Ostiral honetan, 2.300 PCR proba egin zituzten, inoizko zifrarik handiena Nafarroan.

Covid-19aren ondorioz, 9 ospitaleratze gehiago izan dira azken 24 orduetan, bat ZIUn. Gainera, koronabirusa zuten hiru hildako izan dira azken 24 orduetan Foru Erkidegoan, Nafarroako Foru Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Zonaldeka, kutsatuen % 55 inguru Tuteran eta inguruetan atzeman dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Mungia bideoak Gizartea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea