Gizartea -
Koronabirusa
Errekorra Nafarroan: 265 kasu positibo egun bakarrean
Nafarroako ospitaleetan 101 pertsonak jarraitzen dute ospitaleratuta covid-19arekin; horietatik 8 ZIUn daude, eta beste 11, etxean.
EITB.EUS
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, 265 COVID-19 kasu positibo berri atzeman zituzten atzo, 1.985 PCR proba egin ostean, eta intzidentzia % 13,4ra iritsi zen.
Nafarroako ospitaleetan gaixotasun horrekin lotutako sei ospitaleratze berri izan ziren atzo, baina horietako bat ere ez zuten ZIUn sartu. COVID-19arekin ez zen inor hil, eta, beraz, guztira 539 dira Nafarroan gaitzarekin hildakoak.
Eskualdeka, Iruñean eta Iruñerrian atzeman dituzte positiboen % 49, Tuteran % 32, eta Lizarran kasuen % 7.
Atzemandako kasuak adin-tarteka banatuta, bi talde nagusiak 15 eta 29 urte bitartekoak eta 45 eta 59 urte bitartekoak dira, kasu guztien % 25 zenbatzen du talde bakoitzak. Ondoren, 30 eta 44 urte artekoak eta 15 urtetik beherakoak daude, biak ala biak kasuen % 17rekin. Jarraian, 60 eta 75 urte bitartekoak daude (% 9), eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago, kasuen % 7rekin. Kasu berrien batez besteko adina 38,1 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 52 gizonezkoak dira, eta % 48 emakumezkoak.
Nafarroako ospitaleetan 101 pertsonak jarraitzen dute ospitaleratuta COVID-19arekin; horietatik 8 ZIUn daude, eta beste 11, etxean. Gainerakoak, 82 gaixo, plantan daude
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, gaur egun 11.033 dira.
Leitzako baheketa
Bestalde, Osasun Departamentuak Leitzako Udalarekin koordinatuta abian jarritako dispositibo bereziak martxan jarraitzen du gaur, 15 urtetik gorako herritarrei PCR proba egiteko.
Atzo, larunbata, PCR probak egin zizkieten 1.262 laguni. Agintariek 2.500 lagun "gonbidatu" zituzten baheketan parte hartzera, eta jendearen joan-etorria ikusita, Mikel Zabaleta alkateak uste du horien %80ra iritsiko direla, eta, beraz, herritarrak zoriondu ditu emandako erantzunagatik.
Cadreitak tabernak eta espazio publikoak itxi ditu
Erriberan, Cadreitako Udalak taberna eta parkeak ixteko agindua eman zuen ostegunean, baita zentro zibikoa eta igerilekua ere, koronabirus kasuen gorakada geldiarazteko asmoz. Elizak ere mezak bertan behera utziko zituela iragarri zuen.
Udalak azaldu duenez, 12 positibo izan dira azken astean, eta kopuru oso altua ez bada ere, kontaktu estuak izateagatik etxean itxita dauden pertsona ugari daude, eta horregatik hartu dute erabaki hori.
COVID radarra, bihar martxan
Azkenik, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko eta Osasuneko kontseilariek Radar COVID aplikazioa aurkeztu dute ostiral honetan, gaixotasun horrekin kutsatuz gero errazago arakatzeko.