Gizartea -
Bilbo
Abandoibarreko hiri-berroneratzea amaitu dute, 15 urte geroago, Bilbon
Ingelesen Landa deituriko parkea inauguratu dute. Garai batean portuko eta trenbideko instalazioak zeuden bertan.
Erredakzioa
Bilbon, Abandoibarreko hiri-berroneratzea amaitu dute, 15 urteren ostean. Ibaizabalen ertzean ditu bere lurrak eta garai batean portuko eta trenbideko instalazioak zeuden bertan. Hori esan du Angel Nieva Bilbao Ría 2000eko lehendakariak.
Bilboko udalbatza inaugurazioan izan da, alkatea buru zela. Nievak gogorarazi duenez, berroneratze lanak 1993an hasi zituzten Cesar Pelli arkitektoak eta bere taldeak, baina makinak ez ziren 1996 arte martxan jarri.
Bilboko udalbatzako buruak esan duenez, lur hauetan jokatu zituen Athleticek bere lehen partidak, eta kanposantu ingeles bat ere egon zen; horregatik, Ingelesen Landa esaten zioten antzina. Espainiako Gerra Zibilaren ostean ere hainbat txabola jarri zituzten.
Gune hau suspertzeko lanak amaitu ostean, Bilbao Ría 2000en helburua zorrak amortizatzea izango da, herritarren ongizatea lortu, eta Barakaldon eta Bilbon proiektuak egiten jarraitzeko, alkateak jakinarazi duenez.
Ostiral honetan inauguratutako parkeak 24.500 metro karratu ditu guztira, eta 10.000 eta 14.500 metro karratuko bi zatiz osatuta dago. Bi zati horiek Euskadi Plazatik Abandoibarra etorbidera doan kale batez bereizita daude.