Gizartea -
EMAKUNDE
Artolazabalen lehen hilabeteotarako helburua, Emakunderen egitura sendotzea
Beatriz Artolazabalek datozen hilabeteotarako lehen helburuak zehaztu ditu: Emakunderen egitura sendotzea eta berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko legea aldatzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen datozen hilabeteetarako lehen bi helburuak jakinarazi ditu gaur: Emakunderen egitura sendotzea eta berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko legea aldatzea lehenbailehen.
Sailburua Emakunderen egoitza nagusian izan da, Gasteizen, eta Izaskun Landaida erakundeko zuzendariarekin eta Zuriñe Elordi idazkari nagusiarekin bildu da bertan.
Artolazabalek bertan azaldu duenez, egituraren aldaketa horren ondoren Iñigo Urkulluk Emakunderen kontseilua zuzentzen jarraituko du, eta Emakundek eta Sailak "haren konplizitatea, inplikazioa eta babesa" izaten jarraituko dute. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko borrokak "lehentasun politiko, instituzional, sozial eta mediatikoko esparru bat osatzen dute".
Gainera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak argitu duenez, legegintzaldi berri honetan Emakundek erakunde autonomoa izaten jarraituko du eta zuzendariak sailburuorde kargua izango du, gaur egun bezala.
Artolazabalek Emakundek betetzen duen zereginaren balioa azpimarratu du. Horren arabera, "erreferentziazkoa da eta gizartearen onarpen handia du". "Euskadik esparru horretan aitzindaria izan zen lege bat izan zuen, eta lege hori eguneratzea aukera politikoa da Jaurlaritzak eta Sailak berdintasunaren alde egindako apustua sendotzeko", argudiatu du.
Hori dela eta, "adi jarraitzeko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokan atzerapausorik ez egiten laguntzeko" eskatu die Euskadiko elkarte feministei. "Orain arte lortutako aurrerapen ukaezinak gorabehera, erronka handiak ditugu oraindik ere", azpimarratu du.
Bestalde, Izaskun Landaidak adierazi duenez, Emakunde Lehendakaritzari atxikita egon da hasieratik, eta "hori lagungarria izan da berdintasun-politikak eta haien zeharkakotasuna bultzatzeko". "Antolamendu-planteamendu berri honek bide berean lan egiten jarraitzeko eta oraindik aurre egin beharreko erronka ugariei erantzuteko aukera ahalbidetzea espero dugu", gaineratu du.
Politika integrala eta zeharkakoa
Epe laburrera ezarritako helburuei dagokienez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau adierazi du: "Berdintasun politika transbertsalak egiteko helburuak dira, eta haiek lortzeko ezinbestekoa izango da Emakunde osatzen duten giza taldearen erabateko inplikazioa, kolektibo feministen laguntza eta Berdintasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritza osoaren bultzada, euskal erakunde guztien konplizitatearekin".
Emakundek eta zuzentzen duen sail osoak "ahaleginak batuko ditugu berdintasun politika transbertsalak egiteko", erantsi du.