Gizartea -
Klima
Inoizko uda beroena izan da aurtengoa ipar hemisferioan
Orain arte izan diren uda beroenetako (2016koa eta 2019koa) tenperaturak gainditu dira 2020koan. Hain zuzen ere, azken bost urteetakoak izan dira historiako udarik beroenak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Inoizko udarik beroena izan da aurtengoa ipar hemisferioan. Ekaina eta abuztua bitartean, ohi baino 1,17 gradu gehiago egon dira batez beste, AEBko Administrazio Ozeaniko eta Atmosferikoaren Bulego Nazionalak (NOAA) emandako datuekin Munduko Meteorologia Erakundeak jakinarazi duenez.
Orain arteko uda beroenak 2016koa eta 2019koa ziren. Gainera, Clare Nullis Munduko Meteorologia Erakundeko bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi du azken bost urteetakoak izan direla historiako uda beroenak.
Mundu mailan, 2020ko abuztua izan zen historiako bigarren hilabeterik beroena. Hain zuzen ere, XX. mendeko batez besteko tenperatura (15,6 gradu) baino 0,94 gradu gehiago neurtu zituzten hilabete horretan.
Halaber, NOAAren datuek erakusten dute azken 35 urteetako hilabete guztietan gainditu dela XX. mendeko batez besteko tenperatura.
AEBko mendebaldea, Europa, Errusia eta Txinako hego-ekialdea izan dira udako tenperatura altuenak jasan dituztenak. Beroaren ondorioz, sute asko piztu dira azkenaldian, bereziki AEBko mendebaldeko kostaldean.
Bestalde, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, Mexikoko golkoan "oso aktiboa" izaten ari da urakanen denboraldia, eta litekeena da horrelako fenomeno meteorologikoen izen-zerrenda agortzea. Hala balitz, greziar alfabetora jo beharko lukete, 2005ean egin zuten bezala.