Gizartea -
Irun
Harrera Sareak 1.000 etorkin hartu ditu aurtengo udan
IHSk salatu duenez, harrera etxera sartzeko orduan irregulartasunak atzeman dituzte, berriro ere. Irizpide argirik gabe eta aterpetxean lekua egonda, hainbat etorkin kanpoan utzi behar izan dituzte.
EiTB.EUS
Irungo Harrera Sareak 1.000 etorkin inguru hartu ditu 2020ko udan. Ohar baten bidez jakitera eman dutenez, batez ere, Euskal Herrira bakarrik heldutako gizon gazteei, bakarrik edota seme-alabekin iritsitako emakumeei eta adingabeei eman diete ostatu.
"Gehienak Kanarietatik etorritakoak ziren. Ikusi dugunez, Afrikatik irteten den etorkin kopurua estatu espainiarrak eta Marokok egindako presio militarraren araberakoa da", adierazi dute oharrean.
Harrera Sareak zehaztu du etorkinen asmo nagusia etorkizun hobe bat bilatzea dela, nahiz eta askok gatazka armatuetatik eta beren lurraldeetan bizi duten ezegonkortasun politikotik ihes egiten duten.
"Kanporatze efektua oso ohikoa da gatazkatik bizirik atera nahi dutenen artean, nazioartean bilatzen baitute babesa. Zoritxarrez, espainiar estatuak eta Europak ez ikusiarenak egiten dute pertsona horien egoera jasanezinaren aurrean", salatu dute.
Bestalde, IHSK kritikatu du harrera etxera sartzeko orduan irregulartasunak atzeman dituztela, berriro ere. Irizpide argirik gabe eta aterpetxean lekua egonda, hainbat etorkin kanpoan utzi behar izan dituzte.
"Mugari dagokionez, Frantziak ilegalki kanporatutako etorkinen lekukotzak jasotzen ditugu oraindik ere. Ildo horretan, Europar Batasuna errefuxiatuekin aplikatzen ari den politika xenofoboa eta hiltzailea salatu nahi dugu. Gainera, Moriako errefuxiatuei laguntzeko abiatu diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak", azpimarratu dute.