Gizartea -

KORONABIRUSA

Beste 6 egoiliar hil dira COVID-19arekin erresidentzietan, 3 Bizkaian eta 3 Gipuzkoan

Pandemiaren bigarren oldea hasi zenetik 44 dira jada Bizkaiko adinekoen egoitzetan hildakoak, eta 11 Gipuzkoakoetan.

Bilboko Ballesol egoitza. Argazkia: Google Maps
Bilboko Ballesol egoitza.
Bilboko Ballesol egoitza. Argazkia: Google Maps

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko egoitzen sareko hiru erabiltzaile hil dira azken 48 orduetan COVID-19arekin, eta beste hainbeste Gipuzkoan.

Hala, 44 egoiliarrek galdu dute bizia pandemiaren bigarren bolada hasi zenetik Bizkaian. Une honetan, 205 egoiliar daude koronabirusak jota, horietatik 26 ospitaleratuta, Bizkaiko Foru Aldundiak igande honetan emandako datuen arabera.

Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzura bidalitako datuen arabera, Bizkaiko Lurralde Historikoan adinekoentzako 155 egoitza daude (10.748 plaza). Egoitza horietan 124 pertsona positibo daude une honetan, aurreko kontaketan baino bost gehiago, eta horietako 26 ospitaleratuta daude, duela 48 ordu baino lau gehiago.

14 zentrotan dituzte kutsatutako pertsonak: DomusVI Miraflores-Bilbao (17), San Jose Etxe Alai-Mungia (15), Elorduy-Barrika (12), Ibarrekolanda-Bilbo (11), GUFE-Elorrio (11), Albiz Santiago Llanos-Sestao (11), Marcelo Gangoiti-Muskiz (10), Misericordia-Bilao (7), Santa Maria-Getxo (7), Zuetxe-Bakio (6), Loramendi-Erandio (6), Truiuondo-Zamudio (5), Ballesol-Bilbo (4) eta IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbo (2).

205 egoiliarrez gain, 101 langile daude kutsatuta eta beste 57 isolamenduan daude.

Pandemia hasi zenetik, Bizkaiko egoitzetan bizi diren 1.761 pertsona kutsatu eta sendatu dira.

Gipuzkoa

Beste hiru pertsona hil dira Gipuzkoako zaharren egoitzetan azken orduotan COVID-19arekin, eta beste batek positibo eman du. Hala 11 dira guztira hildakoak eta 71 kutsatutakoak koronabirusaren bigarren oldea hasi zenetik.

Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez, bi egoiliar hil dira Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, eta beste bat Errenteriako Sagrado Corazonen.

Gainera, azken orduotan egindako PCR probetan beste positibo bat atzeman dute Santa Maria Magdalenan, baina zentro horretako bi egoiliarrek senda-agiria jaso dute.

Orain 66 dira COVID-19arekin dauden pertsonak Gipuzkoako erresidentzietan, sei zentrotan banatuta: Donostiako Hermano Garate – San Ignacio (2), Hernaniko Santa Maria Magdalena (36), Errenteriako Sagrado Corazon (16), Donostiako Alai-Etxe (10), Donostiako Zorroaga (1) eta Bergarako Mizpirualde (1).

14 pertsona daude ospitaleratuta, eta beste 34 Eibarko Ospitaleko eremu soziosanitarioan daude.

Erresidentzietan berriro kasuak atzematen hasi zirenetik, abuztuaren 11tik, 11 pertsona hil dira eta 5ek gainditu dute gaixotasuna.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia Adinekoei buruzko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia