Gizartea -

Koronabirusa

COVID-19aren egungo transmisioa Europan "oso kezkagarria" dela ohartarazi du MOEk

Horren esanetan, pandemiari emandako erantzuna "oso eraginkorra" izan da neurriak azkar hartu direnean eta erabakigarriak izan direnean, baina ez hainbeste "alderdikeria" nagusitu denean.

Paris (Frantzia). Argazkia: EFE
Paris (Frantzia).
Paris (Frantzia). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Europako zuzendariak ohartarazi duenez, koronabirusaren transmisioa "oso kezkagarria" izaten ari da Europan, azken asteotan atzemandako kasuek martxoan jakinarazitakoak gainditu dituztelako. Izan ere, gaitza atzemateko proba gehiago egin arren, azken asteetan baieztatutako kasuak nabarmen ugaritu dira, eta, ondorioz, pandemiaren berri izan zen garaiko datuak gainditu dira.

Testuinguru horretan, Europako herrialdeen erdiak baino gehiagok COVID-19 kasuen % 10eko gorakada izan dutela adierazi du Klugek kazetarien aurrean egindako agerraldian. Gainera, horietatik zazpik kutsatuen intzidentzia bikoiztu dute. "Datu horiek proba gehiago egin direla erakusten duten arren, Europa osoan izaten ari den transmisio-tasa oso kezkaragarria da", esan du Klugek.

Halaber, MOEko buruzagiak jakinarazi duenez, iraileko lehen astean gorakada nabarmena atzeman zuten 50-64 eta 65-79 urte arteko taldeen artean, baina 25 eta 49 urte bitartekoen artean atzematen dituzte oraindik kasu gehien.

"Pandemia honek gauza asko kendu dizkigu. Europan 4.893.614 koronabirus kasu eta 226.524 heriotza zenbatu dira orain arte, baina datu horrek COVID-19ak eragindako pandemiaaren zati bat baino ez du erakusten, gure osasun mentalean, ekonomian, bizimoduan eta gizartean izan duen eragina oso handia izan baita", esan du Klugek.

Arrazoi horregatik, herrialdeen arteko "koherentziarako deia" egin du, eta Europa osoak ahalegin kolektibo handiagoa egiteko eskatu du. Bere esanetan, pandemiari emandako erantzuna "oso eraginkorra" izan da neurriak azkar hartu direnean eta erabakigarriak izan direnean, baina ez hainbeste "alderdikeria" eta "desinformazioa" nagusitu direnean.

Ondorioz, eraginkorrak diren neurriak kontuan izan ditzaten eskatu die MOEren Europako zuzendariak herrialdeei, hala nola, gaitza atzemateko detekzio-proba gehiago egitea edo maskaren erabilera ezartzea, baita herritarren kezken jakitun izatea ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainiako Gobernua Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Italia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea