Gizartea -
COVID-19
'Juevintxo' gauak hainbat salaketa eta atxiloketa utzi ditu Nafarroan
COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak ez errespetatzeagatik 29 salaketa jarri ditu Foruzaingoak. Gainera, bost pertsona atxilotu ditu borrokaldietan eta desobedientziagatik.
eitb.eus
'Juevintxo' gauean 29 salaketa jarri ditu Foruzaingoak, COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak (litroak, maskara, distantziarik mantendu gabe erretzea) ez errespetatzeagatik, Poliziak berak Twitter sare sozialean zehaztu duenez. Gainera, beste zazpi salaketa jarri ditu ordena publikoa urratzea eta errespetu faltagatik, hiru kalean pixa egiteagatik eta bat gehiago legez kanpoko defentsa bat eramateagatik.
Nafarroako Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez, Foruzaingoak beste bost pertsona atxilotu ditu gauean, borrokaldietan eta desobedientziagatik. Iruñean, 01:20 aldera borrokaldi bat izan da Ahumada Dukearen kalean. Bi pertsona atxilotu dituzte. Ondoren beste pertsona bat atxilotu dute Gazteluko plazan, desordena publikoak egotzita. Foruzainek Udaltzaingoa lagundu behar izan dute.
Artikan, ibilgailuko musikaren bolumena jaisteari uko egin dion gizonezko bat atxilotu dute, bertako bizilagunak molestatzen ari zelako. Etxarri Aranatzen, litroak egiten ari zen gazte bat atxilotu dute 02:00ak aldera Kale Nagusian, desobedientzia larria leporatuta.
Bestalde, Corellako 42 urteko bizilagun bat ikertzen ari dira,Tuteran 180 kilometro orduko abiaduran harrapatu ondoren. Konkretuki, ibilgailua NA-6810 errepidean (Montes del Cierzo-Corella) harrapatu dute. Abiadura muga 90 kilometro ordukoa da bigarren mailako errepide horretan.
Azkenik, Arangurenen gizon bat atxilotu dute sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita; Andosillan eta Irunberrin, beste bi gizon tratu txarrak leporatuta; eta Tuteran beste pertsona bat urruntzeko agindua urratzeagatik.