Gizartea -

COVID-19

Gasteizko eskola bateko zuzendaritzak kargua utzi du, langileak falta dituztelako

HHko irakasle bat eta gorputz hezkuntzako beste bat falta dituzte eta horien lanak hartuko dituzte zuzendaritzako kideek. Irakasleek eta gurasoek protesta egingo dute astelehen goizean eskola aurrean.

Salburua ikastetxea, Gasteiz. Argazkia: Aintzira Guraso Elkartea.
Salburua ikastetxea, Gasteiz.
Salburua ikastetxea, Gasteiz. Argazkia: Aintzira Guraso Elkartea.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Salburua ikastexeko zuzendariak eta ikasketa buruak kargua uztea erabaki dute, COVID-19a dela eta zentroan bizi duten egoerak bultzatuta. Irakasleak falta dituzte, eta horien lekua betetzeko zuzendaritzako lanak uztera "behartuta" daudela adierazi dute.

Eskolako Organo Gorenari igorritako gutun batean azaldu dituzte beren erabakiaren arrazoiak zuzendaritzako bi kideok. Horien arabera, Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzeko eta ikasleen gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzeko "sekulako lanak" egiten ari dira eskoletan, baina egungo egoeran ezin dituzte behar horiek asetu, besteak beste, behar adina irakasle ez dutelako.

700 ikasle ditu eskolak, eta bi irakasle gutxiagorekin hasi dute ikasturtea; HHko irakasle batek eta gorputz hezkuntzako beste batek ez dute hasterik izan, eta horien ordezkorik ez du jarri Hezkuntza Sailak. Bihartik, orain arte zuzendaria eta ikasketa burua izan direnak  beteko dituzte hutsune horiek.

Eskolako Aintzira guraso elkarteak egoera salatu du, eta behin eta berriz irakasleak eskatu dituzten arren, Jokin Bildarratz sailburuak zuzentzen duen Sailetik ez dutela erantzunik jaso esan dute.

"Orain arte, ahalegin handiarekin talde guztien segurtasuna bermatzen eta protokoloa aurrera eramaten saiatu da zuzendaritza taldea, baina egoera jasanezina bilakatu da. Zuzendaritza taldeak, bi langile horien eskaera irailaren batetik kudeatu du, baina Hezkuntza Sailetik ez du inongo erantzunik jaso", adierazi dute gurasoek.

Guraso Elkartearen, familien eta irakasleen protesta

Bihar kontzentrazioa egingo dute Salburua eskolan, Guraso Elkarteak, familien ordezkariek eta irakasleek deituta, 08:45etik 09:15era, eskolan bizi den egoera salatzeko. Deialdia bidaltzen dizuegu atxikita.

"Paris eta Erroma kalean elkartuko gara modu baketsuan Hezkuntzan, orokorrean, eta gure eskolan zehazki gertatzen ari diren egoerak salatzeko asmoarekin. Kontzentrazio honen arrazoia lehenik eta behin kurtso hasieratik bi irakasle falta zaizkigula eta zuzendaritza talde barik gaudela salatzea da, beste gauza askoren artean. Lehen Hezkuntzako familiak eta irakasleak Paris kalean bilduko dira eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, Erroma kalean" azaldu dute.

Protestak izan dira aste honetan EAE osoan

Aste honetan bertan, ELA, LAB, Steilas, CC. OO. eta UGT sindikatuek deituta, greba egin dute EAEko unibertsitatez kanpoko zentroetan,  "itzulera segurua eta adostua" aldarrikatzeko.

"Arduraz" jokatzeko eskatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari, eta  ikasleen eta  langile guztien segurtasuna berma ditzala. Besteak beste, ratioak jaistea eta plantillak handitzea ezinbestekotzat jotzen dituzte.

Langileek ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea.

"Oinarrizko zerbitzuak bermatuta"

Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak, Radio Vitorian atzo egindako elkarrizketan, ziurtatu zuen "oinarrizko zerbitzu publikoak bermatuko" dituela Gasteizko Gobernuak, eta "patxada" eskatu zien protestan ari diren eragileei. Horren arabera, "tentsio giroak" ez du ezertan laguntzen.

''Oinarrizko zerbitzuak babesteko eta bermatzeko konpromisoa'' agertu du Jaurlaritzak
''Oinarrizko zerbitzuak babesteko eta bermatzeko konpromisoa'' agertu du Jaurlaritzak
''Oinarrizko zerbitzuak babesteko eta bermatzeko konpromisoa'' agertu du Jaurlaritzak

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik, baita Lapurdiko kostaldeko herri nagusien erdiguneetan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Grebak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Koronabirusa Irakasleen albisteak gaur Salburua gaur