Gizartea -

COVID-19

100 ikasle konfinatu dituzte Bilboko egoitza batean, 17 COVID-19 kasu atzeman ondoren

EHUk Miguel Unamuno ikasleen egoitza barruan pertsonen joan-etorria debekatu du. Bakarturik dauden ikasleek eskolak Internet bidez jasoko dituzte.

Bilboko Miguel Unamuno ikasleen egoitza. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bilboko Miguel Unamuno ikasleen egoitza. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
30 ikasle konfinatuta Bilboko Miguel Unamuno egoitzan, COVID-19 kasu bat agertu ondoren

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 100 bat ikasle bakartu dituzte Bilboko Miguel Unamuno egoitzan, Ibarrekolanda auzoan; izan ere, gutxienez 17 positibo baieztatu dituzte ikasleen artean azken orduotan.

Miren Basaras mikrobiologia irakasleak azaldu duenez, EHUk ikasleen egoitza barruan pertsonen joan-etorria debekatu du gaur, 17 positiboak baieztatu ondoren.

Atzo, larunbata, 30 bat ikasle bakartu zituzten, positibo baten berri izan ostean, eta horiei egindako PCR proben emaitzak gaur jakin dituzte.

EHUk Basaras unibertsitatean pandemia kudeatzeko arduradun izendatu behar du datorren ostegunean. Dagoeneko jakinarazi dute bakarturik dauden fakultate ezberdinetako ikasleek eskolak Internet bidez jasoko dituztela.

Zabaldutako informazioaren arabera, larunbatean bakartu zituzten 30 bat ikasleek gau bat poteoan eman zuten duela egun batzuk. Positibo gehiago egotea ez dute baztertzen.

Kutsatuen artean, hiru ikaslek sintoma arinak dituzte, eta baten batek usaimena galdu du. Positibo eman duten ikasleak logeletan bakarturik daude, eta jatekoa bertara eramaten diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo EHU Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa Gazteak