Gizartea -
Elkarrizketa, Zestoako alkatea
Mikel Arregi: 'Tabernariekin adostu dugu itxiera, guk ez dugu horretarako eskumenik'
Alkateak azaldu du duela 10 egun ez zituztela herriko festa nagusiak ospatu, baina ohi baino "mugimendu handiagoa" egon zela herrian.
EiTB.EUS
Zestoa erdiguneko ekipamendu publikoak eta tabernak itxi dituzte gaur, herrian izandako COVID-19 agerraldi batekin lotuta.
Zestoako alkate Mikel Arregi bera ere isolatuta dago, udaletxean ere izan delako koronabirus kasu bat. ETB1eko 'Egun on, Euskadi' saioan, baina, herrian gaur egun bizi duten egoeraz hitz egin du alkateak. "Martxotik orain arte oso kasu gutxi izan ditugu, bereziki herrigunean. Azken egunetan, ordea, gogor jo du COVID-19ak zestoarren artean, eta horregatik erabaki dugu neurriak hartzea", esan du.
Alkateak azaldu duenez, duela 10 egun ez zituzten herriko festa nagusiak ospatu. Dena dela, aitortu du ohi baino "mugimendu handiagoa" egon zela bertan.
Egoerak okerrera egin duela ikusita eta hainbat COVID-19 kasu daudela kontuan izanda, neurriak hartzea erabaki dute. Besteak beste, ekitaldi batzuk bertan behera utzi dituzte eta eguneko zentroa itxi zuten ostiralean, Gizarte Zerbitzuek hala aginduta.
Gaur, gainera, tabernek eta denda batzuek ere ateak itxi dituzte. "Tabernarien eta Udalaren artean adostutako zerbait izan da. Nik, alkate legez, juridikoki ez dut tabernak ixteko eskumenik", adierazi du.
Arregik azpimarratu du kutsatze komunitarioa ez dela izan ziurtatu behar dutela orain. "Kasu positiboak oso lokalizatuta ditugu, herri txikia baita. Horregatik uste dugu kontaktu bidezko kutsatzea izan dela. Bizpahiru egunetan hori baieztatzeko moduan bagaude eta egoera kontrolpean badugu, neurriak altxatuko ditugu", erantsi du.
Agerraldiaren sorburuaz galdetuta esan du herrian "adin ertaineko jendearen artean" harreman sare handia dagoela. "Harremanak geroz eta zabalagoak izan, orduan eta kutsatzeko aukera gehiago", nabarmendu du.
"Beharbada lasaiegi ibili gara, Zestoan orain arte ez dugulako arduratzeko arrazoirik izan. Litekeena da gutxieneko neurriak behar bezala bete ez izana", onartu du.
Kaleak hutsik eta tabernak itxita
Esan bezala, ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak eguneko zentroa ixtea erabaki zuen, eta gaur eskolak ateak ireki dituen arren, LH2ko 40 ikasle konfinatuta daude une honetan (270 ikasle dira guztira).
Udal talde osoa ere koarentena egiten ari da, zinegotzi batek positibo eman eta gero. Horrela, Udalak neurriak hartzea erabaki du.
Batetik, Udalak itxi egin ditu herrigune nagusiko ekipamendu publiko guztiak (kiroldegia, Iraetako futbol zelaia, Kultur Etxea –gaztetxea barne–, Liburutegia eta beheko aretoa, Gaztelekua eta osasun etxe zaharra eta zentro txikia).
Bestetik, herriko tabernariekin hitz eginda, transmisio komunitarioa egon den ala ez argitu bitartean, erdiguneko taberna guztiak ere itxita egongo dira.