Gizartea -
Koronabirusa
Zestoako tabernak asteazkenean irekiko dituzte berriro
Udal instalazioak, berriz, ostiralean zabalduko dituzte, eta eguneko zentroa astelehenean. Egun horretan, bestalde, zaharren egoitzan bisitak baimenduko dituzte.
EiTB.EUS
Zestoako (Gipuzkoa) herritarrek bi egun daramatzate ia etxetik irten gabe, azken egunetan bizilagunen artean hainbat COVID-19 kasu atzeman dituztelako. Atzo, gainera, udal instalazioak itxi zituzten, baita erdiguneko taberna eta denda gehienak ere.
Dena den, badirudi egoerak hobera egin duela, azken 24 orduetan ez baitute kasu berririk atzeman. Gauzak horrela, Udalak aurreikusi du koronabirus agerraldiagatik ezarritako neurri bereziak "arintzea", asteazkenetik aurrera. Hartara, ostalaritzak bihar bertan irekiko ditu berriro ateak. Udal instalazioak, ordea, ostiralean zabalduko dituzte, eta eguneko zentroa astelehenean. Egun horretan, baita, "normaltasunera" itzuliko dira zahar egoitzetako eta babespeko ikastetxeetako bisitak.
Orain arte bakartuta egon diren LH2o 40 ikasleei dagokienez, ez dute oraingoz positiborik atzeman. Beraz, baliteke da datozen orduetan herriko ikastetxean eskolak "normaltasunera" itzultzea.
Mikel Arregi alkateak ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioan astelehenean aitortu zuen, irailaren 8an (jaietako egun nagusian) ohi baino mugimendu handiagoa egon zela Zestoan. Horregatik, egoerak okerrera egin zuela ikusita, neurri zorrotzagoak hartzea erabaki zuten.
"Kasu positiboak oso lokalizatuta ditugu, herri txikia baita. Uste dugu kontaktu bidezko kutsatzea izan dela. Beharbada lasaiegi ibili gara, Zestoan orain arte ez dugulako arduratzeko arrazoirik izan. Litekeena da gutxieneko neurriak behar bezala bete ez izana", onartu zuen.