Gizartea -

Koronabirusa

Test antigenikoen abantailak, eraginkortasuna eta prezioa: fidagarriak al dira?

Berehalakotasuna da test honen abantaila nagusia, baina baditu alde on gehiago ere; egiteko erraztasuna, esaterako. Dena den, PCR probak baino fidagarritasun txikiagoa du: % 70-75, gutxi gorabehera.

COVID-19 probak, laborategian. EFEren artxiboko irudia
Test antigenikoen abantailak, eraginkortasuna eta prezioa: fidagarriak al dira?
Antigeno test azkarrak prest, Osakidetzak erabili ahal izateko

1:27

LUZIA ZUGADI | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan jakin dugu Espainiako Gobernuaren Osasun Publikoko Batzordeak test antigenikoen alde egin duela, COVID-19aren diagnosi eta baheketa azkarra egitea helburu. Horrekin birusaren transmisioa gelditzeko prozesua bizkortu nahi dute, bereziki baheketa masiboak egin behar dituzten kasuetan.

Horri buruz hitz egiteko eta test antigenikoen abantailak, fidagarritasuna eta prezioa ezagutzeko, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslearengana (Derio, Bizkaia, 1968) jo dugu, test horiek gainerako probekin alderatuta dituzten alde onak eta txarrak hizpide.

Zertan datza test antigenikoa?

Test horien funtzionamendua ez da batere konplexua. PCR probak genoma atzematen duen eran, test antigenikoak birusaren proteina bat detektatzen du. Hain zuzen ere, kutsatuta dauden pertsona guztiek garatzen duten proteina berezi bat da proba horren bidez detektatzen dena.

Mikrobiologian asko erabiltzen den teknika bat da. Gripea atzemateko ere, gisa horretako probez baliatzen dira osasun arloko profesionalak.

Zein abantaila dauzka?

Berehalakotasuna da test honek duen abantaila nagusia, baina baditu alde on gehiago ere; erraztasuna, besteak beste. Izan ere, ez da aparatu berezirik behar, eta ez dira inondik inora test deserosoak. Hau da, listuaren lagina hartuta atzematen dute proba egin duen pertsona kutsatuta dagoen ala ez. Horrek esan nahi du haurren edota adinekoen artean, esaterako, erosoagoa dela PCRa baino.

Proba egin eta 20-30 minutura jakin dezakegu emaitza positiboa edo negatiboa den. Basarasen esanetan, litekeena da etorkizunean testak are azkarragoak izatea, "haurdunaldi proben antzekoak".

Epidemia kasuetan, osasun langileentzat nahitaezkoak dira bizkortasuna bermatuko duten probak erabilgarri izatea.

Zein dira test antigenikoen desabantailak?

PCR probak baino fidagarritasun gutxiago dute. Lehenak COVID-19 kasu positiboen % 90 atzemateko gai dira; test antigenikoak, aldiz, % 70-75 (test motaren arabera). Dena den, gaur-gaurkoz ez dago % 100 fidagarria den probarik.

Prezioa

Laborategi mailan, 50 eurotik gora balio du PCR proba bakoitzak. Test antigenikoen prezioa, ordea, askoz merkeagoa da: 5-10 euro inguru.

Gai al dira antigorputzak atzemateko?

Ez. Antigenoa neurtzen duen test hau proba zuzen bat da, alegia, unean bertan infekziorik dagoen ala ez esaten du. Helburua da jakitea momentu jakin batean zenbat pertsona dauden kutsatuta. Hortaz, baliagarria da baheketa masiboak egin nahi dituzten kasuetan.

Aitzitik, antigorputzak hautemateko probek (test serologikoek, adibidez) infekzioa izan dugun edo izaten ari garen adierazten dute.

Noiz hasiko dira erabiltzen?

Zenbait autonomia erkidegotan hasi dira dagoeneko test horiek probatzen eta PCR probekin parekatzen. Orain arte emaitza onak jaso dituztenez, hainbat tokitan erabiltzen hasteko prest daude dagoeneko.

Halere, erkidego bakoitzaren esku dago; beraz, ez dira leku guztietara aldi berean iritsiko.

Farmazian erosteko aukera izango dugu?

Botika konpainiak horretan lanean ari badira ere, oraindik ez dago argi, haurdunaldi testak bezala, farmazietan noizko egongo diren eskuragarri. Aurretik, test horien fidagarritasuna bermatu behar dute, ez litzatekeelako zilegi izango eraginkorrak diren jakin gabe salgai jartzea.

Gerta liteke COVID-19 positibo "faltsuak" atzematea?

Zaila da horrelakorik gertatzea, soilik COVID-19ak duen proteina atzematen baitute.

Kontrara, errazagoa litzateke negatibo "faltsuak" atzematea, kontuan izanda oraingoz test horien fidagarritasuna % 70-75 ingurukoa dela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko kostaldeko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna EHU albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuen albisteak Koronabirusaren olatua gaur