Gizartea -
Nafarroan
Alarma-egoeran ezarritako isunen inguruko lehen epaiek prozedura bermatu dute
Aurreneko bi epaiei dagokienez, txakurra etxetik kilometro bat baino urrutiago paseatzen zegoen eta bestea arrazoirik gabeko paseoa ematen zegoen.
EITB.EUS
Alarma-egoeraren baitan ezarritako isunen inguruko epaiketak abian dira Nafarroan. Epaileek banaka aztertuko dituzte kasu guztiak, isuna jaso duten herritarrek aurkezten dituzten arrazoiak aintzat harturik. Esaterako, aztergai dituzten epaietako bat hizpide harturik, etxetik kilometro bat baino urrutiago txakurra paseatzen zegoen gizon bati jarritako oisuna baliogabetu egin du epaileak, gizonak aurkeztutako helegitea balioetsiz. Beste epai batean, berriz, epaileak mantendu egin du arrazoirik gabe paseatzen zegoen gizon bati jarritako isuna.
Herritarren Segurtasunaren babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan oinarrituko dira epaileak, prozedura zigortzaileak bermatuz.
Epaileen hitzetan, alarma-egoeran ezarritako Lege Dekretuaren aurka jardutea, "autoritatearen aurkako desobedientzia" gisa epaituko da.
Martxoaren 28an, Iruñeko Udaltzaingoak txakurra paseatzen zegoen gizon bati jarritako isunaren harira, helegitea balioetsi egin du epaileak, izan ere, Udalak berak ezin izan du egiaztatu gizon hori bere etxetik kilometro bat baino urrutiago zegoela; probek 850 metrotara zegoela baitiote.
Beraz, distantzia egiaztatzen duen probarik ez dagoenez eta debekuaren zehaztasun faltaren ondorioz, epaileak balioetsi egin du gizonaren helegitea.
Gauzak horrela, isuna baliogabetu egin du eta gizonak ordaindutako 300,50 euroak itzultzea agindu du. Gainera, epaiketaren gastuen ordainketa Iruñeko Udalari egotzi dio.
Inolako egiaztagiririk gabeko mugikortasunaren malgutasuna
Epaitegi Kontentzioso-administratiboko epailegiak Nafarroako Gobernuko delegazioaren alde egin du, martxoaren 18an, Udaltzaingoak Berriozarren jarritako salaketari dagokionez.
Goizeko 11.40ak aldera, agenteek salaketa jarri zioten 'La Chopera'ko bidean paseatzen zegoen gizon bati, eta honek, diabetikoa dela eta medikuak egunero ibili behar duela agindu ziola argudiatu zuen.
Epaileak, ordea, Lege Dekretuan halakorik jasotzen ez dela ziurtatu eta gizonak helegiterik aurkeztu ez zuela ikusita, isuna bere horretan mantentzea erabaki du. Gizonak ezin izan du inola ere egiaztatu medikuak tankera honetako baimenik eman zionik.