Gizartea -

Ikastetxeak

Araban ordutegi jarraitua ezartzea baztertu du Hezkuntza Sailak

Haur eta Lehen Hezkuntzako zenbait ikastetxek ordutegia aldatzea eskatu zuten, baina Hezkuntza Sailak ordutegi partitua mantentzea erabaki du familia eta lan-bizitza bateratzeko arrazoiak tarteko.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Blanca Guerrero Hezkuntza Saileko ordezkaria Arabako ikastetxe publikoetako zuzendariekin bildu da. Sailak eskoletan ordutegi jarraitua ezartzea baztertzen duela jakinarazi die Guerrero zuzendariei. Bertako Haur eta Lehen Hezkuntzako zenbait ikastetxek ordutegia aldatzea eskatu zuten pandemiaren egoeragatik.

Hezkuntza Saileko iturriek baieztatu dutenez, ostegunean egindako bileran, Saila ordutegi partitua (goiz eta arratsaldea eguerdiko atsedenaldiarekin) mantentzearen alde agertu zen familia eta lan-bizitza bateratzeko arrazoiak tarteko.

Adin txikiko ikasleek (2-12 urte) 14:00etan eskolak (ordutegi jarraitua) amaitzea bideragarri ikusten ez dutela erantsi dute iturri berdinek, guraso gehienak oraindik lanean daudelako.

Gasteizko Lakuabizkarra ikastolaren kasu zehatzean, eskola kontseiluak astelehenetik aurrera ordutegi jarraitua ezartzea adostu zuen, baina irakasleak funtzionarioak direla eta haien ordutegiak Hezkuntza Sailak finkatzen ditu, iturriek gogorarazi dutenez.

Eskola kontseiluak ordutegi jarraitua (09:00etatik 14:00etara, eta 15:30ra jantokiarekin) onartu zuen, eta horretarako baimena eskatu zion Hezkuntza Saileko Ordezkaritzari. Erantzunari itxarongo ez ziola ohartarazi zuen, ordutegi jarraitua datorren astelehenetik aurrera ezartzeko asmoa azalduz.

Hezkuntza Saileko ezezkoaren aurrean ikastetxeak atzera egin behar izan du. “Eskola kontseiluak onartutako ordutegia atzera bota dute. Gauzak horrela, astelehenetik aurrera ere ohiko ordutegi partituarekin jarraituko dugu, nahiz eta eskola kontseilua aurka agertu”, jakinarazi die ikastetxeko zuzendaritzak gurasoei ohar batean.

“Burbuila taldeak” bermatuz zenbait ikastetxetako jantokiak begirale nahikorekin zabaltzerik ez dute izan, eta zerbitzu horren gabeziak familia eta lan-bizitza bateratzeko arazoak ekarri ditu. Horregatik, ordutegi jarraitua aldarrikatu dute Arabako ikastetxe batzuek.

Printzipioz, araudiaren arabera, eskolaldia goiz eta arratsaldekoa izan behar da, eta edozein aldaketak araua aldatzea behar du, baina Hezkuntza Sailak aldi baterako aldaketak egiteko baimena eman dezake, pandemian zehar Bigarren Hezkuntzako zentroetan egin bezala.

Lakuabizkarra ikastolaren kasuan, jantokia itxita dago, COVID-19ari aurre egiteko protokoloa bete ahal izateko “baliabide egokien” zain. “Gutxieneko” segurtasun baldintzak ematen baldin badira urriak 5 baino lehen zabaldu dezakete, baina ordura arte zerbitzua behar duten ikasleek ez dute jantokirik izango.

Ikastetxeko zuzendaritzaren hitzetan, une honetan “burbuila taldeak” mantentzea ezinezkoa da, begirale bakoitzak Lehen Hezkuntzako 37 ikasle eta Haur Hezkuntzako beste 15 bere ardurapean dituelako. Bi txanden arteko garbiketarako denbora (10 minutu) “oso laburra” da, eta jantoki denbora gehiago murriztea errefusatu dute, “ikasle guztiei kalitatezko zerbitzua ematea ezinezkoa delako”.

Hiriko eskola ezberdinetan familien iritzia ezagutzeko inkestak banatzen ari dira. Lakuabizkarra ikastolaren kasuan, 161 familiek erantzun dute inkesta, eta horietako 124k ordutegi jarraitua nahi dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa