Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, emaztea autoarekin harrapatzen saiatzeagatik

47 urteko gizonak atzetik eman zion emaztearen autoari. Bertatik jaitsi zenean, harrapatzen saiatu zen. Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak elkarretaratzea deitu du astelehenerako, 18:00etan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu du Barakaldon, autoarekin bere emaztea harrapatzen saiatzeagatik.

Erasoa atzo jazo zen, 14:00etan, bikotearen etxebizitzako garajean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Antza denez, bikotea eztabaidan aritu zen. Ondorioz, emakumeak etxetik alde egitea erabaki zuen eta garajera jaitsi zen autoa hartzera, gizona atzetik zuela konturatu gabe.

Orduan, gizonak bere autoa hartu zuen eta, emakumea abiatzera zihoanean, atzetik eman zion. Emaztea autotik irten eta korrika ihes egiten saiatu zen, izan ere, gizona bera harrapatu nahian zebilen.

Azkenean, ihes egitea lortu eta etxean babestu zen. Ertzaintzari deitu zion eta, agenteak bertaratu zirenean, gizona etxe atarian aurkitu zuten, barrura sartu nahian.

Emaztearen autoarekin nahita talka egin zuela aitortu zuen gizonak, eta atxilotu egin zuten.

Emakumeak adierazi zuenez, ez da lehen aldia gizonak fisikoki edo psikologikoki eraso egiten diona.

66 eraso artatu zituzten iaz Barakaldon, azken 10 urteetako daturik okerrena

ARGITAN Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak elkarretaratzea deitu du astelehenerako, 18:00etan, udaletxearen parean.

Elkarretaratzeaz gain, kolektibo feministak eraso hauen kontrako mezuak zabaltzeko eskatu du Facebook, Instagram, Twitter eta TikTok bezalako sare sozialetan, #Barakaldocontraelmachismo etiketarekin.

ARGITANetik adierazi dutenez, iaz 66 indarkeria matxista edo sexu-eraso kasu artatu zituzten. Azken hamarkadako daturik txarrena izan da, eta aurtengo datuak are okerragoak izango direla ohartarazi dute.

Autodefentsa feminista aldarrikatu dute "kontzientzia hartu eta babesteko tresna gisa" eta, era berean, "neurri integralak eta ausartak" eskatu dizkiete agente sozialei, politikoei eta instituzionalei. Emakumeei matxismoaren eta desberdintasunen kontra borroka egiteko eta aktiboki mobilizatzeko dei egin diete.

23 urte daramatza elkarteak, doan, emakumeei euren eskubideen inguruko informazioa, laguntza juridikoa, soziolaborala eta psikologikoa ematen. Aurrez hartu behar da hitzordua, 944 782 102 telefonora deituz.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Fakturan ez dute arrastorik uzten, baina telefonoan bai. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa