Gizartea -

Jaioberrien Unitatean

Haur goiztiar bat hil da Donostiako Ospitalean akats mediko baten ondorioz

Familiei eskainitako txosten batean, Osakidetzak onartu egin du akats mediko bat egon zela eta botika ematerakoan errakuntza bat izan zutela.

Donostiako Unibertsitate Ospitalea. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutako irudia.
Donostiako Unibertsitate Ospitalea.
Donostiako Unibertsitate Ospitalea. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haur goiztiar bat zendu zen urtarrilean eta beste batek bizirautea lortu baina ondorio larriak ditu Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitatean izandako akats mediko baten ondorioz; izan ere, seruma eman beharrean, anestesikoa eman omen zieten haurrei.

Familiei emandako txosten batean, Osakidetzak onartu egin du akats mediko bat egon zela eta botika emateko orduan errakuntza bat izan zutela. Yara azaroaren 21ean jaio zen, 25. astean, 800 gramorekin eta ondorio larriekin, baina bizirautea lortu du. Ane, berriz, abenduaren 27an, 24. astean, jaio zen, 600 gramoko pisua zuela, baina hil egin  da.  

Jaio bezain pronto, inkubagailuan egon ziren biak, eta urtarrilaren 2tik, eman beharreko botikarekin errakuntza izan zenetik, mugitzeko ahalmena erakustetik egoera larrian egotera igaro ziren.

Urtarrilaren 5ean, Donostiako Ospitaleko profesionalek ohikotasunetik at zegoen zerbait atzeman zuten eta botiken errakuntza baten ondorioz izan zitekeela ondorioztatu zuten, anestesikoaren eta serumaren edukiontziak antzekoak direlako.

Hala ere, familien abokatuak Osakidetzaren aurka aurkeztutako erreklamazioan "erabat justifikaezina" dela argudiatu du, izan ere, anestesiko bat eman ahal izateko, anesestesista batek baimendu behar du.

Gainera, hiru urtetik beherako haurrei ezin dakieke anestesiarik eman; hortaz, abokatuak galdegin duenez, "nola da posible substantzia hori Jaioberrien Unitatean egotea?".

Familiek 150.000 eurotik gorako kalte-ordainak eskatu dizkiote Osakidetzari zendutako haurraren guraso bakoitzarentzat, 400.000 euro bizirautea lortu duen eta ondorio larriak pairatzen dituen haurrarentzat eta 60.000 euro bere amarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donostia Ospitalea