Gizartea -
Erasoa
Atxilotu bat Bilbon sexu eraso batengatik eta indarrez lapurtzeagatik
Atxilotuak, 24 urteko gazteak, ostikoak eta muturrekoak eman zizkion biktimari. Ordu batzuk lehenago, gainera, Abandoko pup batean ere lapurtu zuen erasotzaileak.
Erredakzioa
Bilboko Ertzantzak gizonezko bat atxilotu zuten atzo Bizkaiko hiriburuan emakume bati sexu erasoa egitea eta lanera zihoanean zeraman poltsa lapurtzea leporatuta. Handik gutxira, patruila batek susmagarria aurkitu eta hura atxilotu zuten.
Erasoa 07:00 aldera gertatu zen ostiral goizean, Bilboko San Adrian auzoan, biktima bere lanpostura zihoanean. Gizonezko batek emakumea jazarri zuen etxe bateko atariraino. Sartzera zihoanean bere gainera joan zen eta lurrera bota zuen zirriak egiteko. Biktimaren erresistentzia ikusita, gorputz osoan zenbait muturreko eman zizkion. Azkenean, poltsa ostu eta lekutik ihes egin zuen. Joan aurretik ostikada pare bat eman zizkion biktimari.
Bizilagun baten laguntzarekin poliziari deitu eta susmagarria bilatzeari ekin zioten. Patruila batek Poza Lizentziatua kalean aurkitu zuen susmagarria, biktimak emandako deskribapenari esker. Agenteek susmagarria identifikatzeari ekin zioten: 24 urteko gizonezkoa, bi telefono mugikor eta 130 euro zeramala. Miaketa egin ostean, agenteek berretsi zuten mugikorretako bat biktimarena zela, baita diruaren parte bat ere. Bestea Abandoko pub bateko bezero bati ordu batzuk lehenago ostutakoa zen.
Atxilotua Ertzaintzaren dependentzietara eraman zuten dagozkion diligentziak egiteko eta ondoren epailearen esku utzi zuten. Biktima, berriz, Bilboko osasun zentro batera eraman zuten eta bere zauriak artatu ostean, alta eman zioten.