Gizartea -
Pasaia
Trintxerpeko 20 familia etxetik atera dituzte berriro
Astelehenean atera zituzten Jaizkibel kaleko 9 eta 11 atarietako bizilagunak, eraikinaren sotoko zutabeetan arriskutsuak diren kalteak atzeman ondoren.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Pasaian, Trintxerpe auzoko 20 familia etxetik atera dituzte bart, sotoko zutabeetan arriskutsuak diren kalteak atzeman ondoren. Abisua 21:00ak aldera jaso zuten eta eraikina utzi behar izan zuten. Astebetean gertatzen den bigarren aldia da, Lore Suarez alkateordeak eitb.eus-i baieztatu dionez.
Astelehenean atera zituzten ere Jaizkibel kaleko 9 eta 11 atarietako bizilagunak, eraikinaren sotoan dagoen BM saltokiko langileak zutabeetan kalte handiak zeudela jabetu zirenean. Arkitekto teknikoen aginduz, presazko konponketa lanak egin eta segurtasuna bermatuta zegoelakoan 20 familiak etxera itzuli ziren.
Bart, berriz, abisua jaso zuten berriro, 21:00 izatear zirela. Udaltzainak hurbildu zitzaizkien etxea utzi behar zutela esanaz. Txostena egin duen arkitektoetako batek jakinarazi zuen oraindik ere zutoietako kalteak arriskutsuak direla.
Senideen etxeetan eman dute gaua batzuk, beste batzuek aldundiak utzi dizkien etxeetan. Gaur, hiru arkitektok (udaletxearena, eraikina berak izendatu duena eta sotoan dagoen saltokiena) bilera dute. Hiru tekniko horien txostenak erabakiko du, noiz itzuli ahal izango dute euren etxeetara.
"Informazio hau Euskadi Irratiak landu du"