Gizartea -

Koronabirusa

Proba antigeniko berriak urriaren 19tik aurrera erabili nahi ditu Osakidetzak

Bizi Berri Planaren eguneraketak berrogeialdia 14 egunetik 10era jaistea proposatu du. Txostenak ohartarazi du metatutako intzidentzia tasa gomendatutakoa baino altuagoa dela.

PCR proba bat. Argazkia: EFE
PCR proba bat.
PCR proba bat. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Proba antigeniko berriak "urriaren 19tik 25erako astean" erabiltzen hastea aurreikusten du Osasun Sailak, Eusko Jaurlaritzak Larrieldiei Aurre Egiteko Bidearen (LABI) kontseiluaren azken bileran aurkeztutako Bizi Berri II planean jasotakoaren arabera.

Bigarren olatua Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den eraginari buruzko Osasun Sailaren txosten bat jaso du Plan Bizi Berri II.ak. Ondorioen arabera, intzidentzia tasek "beheranzko joera" izaten jarraitzen dute.

Hala ere, planaren arabera beharrezkoa da proba antigeniko berriak erabiltzen hastea, sistema hori egiteko prest egon bezain laster, "ziurrenik asko urriaren 19tik 25era bitarteko astean". PCR probak bezala, agerraldiaren lehen fasean diagnostiko espezifikoa emateko gai dira proba berriak.

Gainera, planaren arabera, "adituek adierazitako adostasunarekin bat etorriz, egokitzat jotzen da positiboen eta kontaktuen berrogeialdia 14 egunetik 10 egunera murriztea, eta oraingoz, bigarren PCRari eustea", berrogeialdiaren 7. edo 8. egunera aurreratuta".

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri zuenez, Osakidetzak “momentu aproposean” sartuko ditu test antigeniko berriak, eta listu testak erabiltzea ere aztertzen ari da. “Momentuz, test antigenikoak sartzea pentsatzen ari gara”, esan zuen.

Osasun Sailaren txostenak jasotzen duenez, intzidentzia tasa altuak dituzten eremuetan screening selektiboak sartzea ere aztertzen ari dira, kasuak hautemateko ordezko metodo gisa. “Esku hartze mota horrekin batera, screening horietara joaten diren pertsonen kopurua maximizatuko duten erakunde-lankidetzako estrategiak ere aurkeztu behar dira”.

'Beheranzko joera'

Pandemiaren bilakaerari buruz, txostenak zehaztu du azken asteetako eboluzioa "onargarria" dela, "baina tentuz ibili behar da, azken egunetako bilakaera ikusita, beherakada gelditu egin dela ikusten baita".

"Joera positibo hori erakutsi arren, adierazi behar da 14 eguneko intzidentzia tasa metatua ECDCk egoera egonkortzat jotzen duenaren gainetik dagoela. Gauza bera gertatzen da PCR testen positibotasun-ehunekoarekin", azaldu du txostenak.

Planaren arabera, "pixkanaka murrizten ari da" pandemiak osasun sisteman duen eragina, "baina oraindik ere handia da ZIUko oheen okupazioa kritikoen unitateetan ohikoak diren oheen guztizkoaren % 25ekoa izatea". Hala ere, aurreikusitako "bigarren agertokira" igaro behar ez izatea azpimarratu du.

Murrizketei dagokienez, txostenaren arabera "goizegi da horiek lehengoratzeko eta, oro har, mantendu egin behar dira, gutxienez Euskadik 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa (60/100.000) jaitsi arte".

Bestalde, txostenak zehaztu du ez dirudiela "beharrezkoak direnik lehendik ezarritakoez gain beste neurri batzuk hartzea, baina bai ahalegin handiagoa egitea urruntze sozialerako eta norbera babesteko neurriak betetzeko".

Era berean, udalerrien eta lurraldeen artean mugikortasun handia dagoenez, ez du uste positiboa denik "Mominguru bateko neurriak arintzea, epidemia-egoera hobearen arabera".

Momentuz, abuztuaren 19an argitaratutako neurri murritzaileak mantenduko dira, hau da, gaueko aisialdi lokala ixtea, kalean edateagatik zigorrak jartzea eta segurtasun distantzia mantendu ezin denean erretzea. Ostalaritza goizaldeko ordu batean itxiko da, eta garraio publikoa ordu erdi beranduago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa