Gizartea -
Huste agindua
Berangoko Kukullaga baserriaren desjabetzea atzeratzea lortu dute
EHNE sindikatuak jakitera eman duenez, Udalaren eta mailegu erakundearen arteko akordioari esker, auzokideek bertan jarraituko dute bizitzen, usufruktudun bezala.
Erredakzioa
EHNE sindikatuak jakitera eman duenez, bertan behera geratu da behin betikoz Berangoko Kukullaga baserriaren gaineko desjabetze agindua. Baserriko jabeek, 70 eta 80 urteko auzokideek, 300.000 euro inguruko zorra dute.
Horrela, Berangoko Udalaren eta mailegu erakundearen arteko akordioari esker, bikoteak baserrian bertan bizitzen jarraituko du, usufruktudun bezala. EHNE sindikatuak herriak auzokideei eskainitako babesa eskertu du.
EHNE sindikatuak azaldu duenez, dirua hiru hilabetetan itzultzeko agindua zuten, % 5eko interesarekin eta, berandu ordaintzen bazuten, % 29koarekin. Gainera, maileguaren berme bezala baserria eta horren ondoko zenbait lursail jarri zituzten (540.000 euroko balioa, guztira). Koldok eta Teresak 300.000 euroko baino gehiagoko zorra dute.
Hainbat informazioren arabera, desjabetze agindua behin betiko bertan behera geratzeko irtenbide bakarra bikoteak baserria eta ondoko bi lursailak 200.000 euroan erostea da. Dirua biltzeko epea abendura arte izango lukete horrela. EHNE sindikatuko ordezkariek, berriz, "lukurreriaz" aritzea eta baserriaz jabetzeko asmoa izatea egotzi diote mailegu-erakundeari.
Herriak elkartasuna erakutsi dio bikoteari eta elkarretaratze anitz egin ditu adineko lagun hauen egoera salatzeko.