Gizartea -
Michelini eskaera
300.000 euro eskatu ditu amiantoagatik hil zen langile baten familiak
Amiantoak eragindako minbiziagatik hil zen 2008an Gasteizko Michelineko langilea eta familiak erantzukizun zibila egozten dio enpresari.
Erredakzioa
Gasteizko Michelin enpresako langilea 2008an hil zen minbizi pleural batek jota eta sendiak 300.000 euro eskatu dizkio enpresari, erantzukizun zibil gisa.
Epaiketa lan-arloko Gasteizko 3 zenbakiko epaitegian egin dute. Javier Martinez Diaz de ZugazĂșa amiantoren eraginez hil zela esan zuen jada aurretik lan-arloko beste epaitegi baten epaiak eta Auzitegi Nagusiak berretsi zuen gainera.
Epai horri esker, alargun eta umezurtz gelditzearen ondorioz sendiak jasotzen duen pentsioaren kopurua igo egin zuten, lan gaixotasun batengatik hil zela onartu baitzen.
Gaurko epaiketan, familiak 300.000 euro eskatu ditu, Javier Martinezen heriotzak diru sarrerarik gabe utzi dituela argudiatuta.
Langilea 2008ko azaroaren 16an hil zen, 1974-2008 bitartean Gasteizko Michelin enpresan hainbat postutatik pasa ondoren. Epaitegiek esan dute frogatuta dagoela amiantoa babes neurririk gabe erabiltzen zutela.
Michelineko zuzendaritzak, ordea, beti ukatu izan du eguneroko lanean langileek amiantoarekin kontaktua eduki izana, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak gaur esan duenez. "Ia langile guztiak amiantoarekin kontaktuan egon dira, ez soilik Lasarteko lantegian, denetan, denak klonikoak direlako", esan du Alejandro Benitok, Michelineko enpresa-batzordeko kideak. Epai hau aldeko izatea espero du, Javier Martinez, "lan gaixotasun baten ondorioz hil zela eta Michelinen amiantoa zegoela frogatu baita", adierazi du.