Gizartea -
Gertaera
Gizonezko bat atxilotu dute Sestaon emakume bati zirriak egiteagatik
25 urteko gazteak emakume bati ustez zirriak egin zizkion eta aho bidezko sexua egiten saiatu zen. Hori dela eta, askatasun sexualaren aurkako delitua egotzi diote.
Erredakzioa
Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu du astelehen honetan Sestaon (Bizkaia), emakume bati zirriak egiteagatik eta aho bidezko sexua izaten saiatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Gertaera joan den irailaren 30ean jazo zen. Emakumezkoa etxera zihoan eta bidean, atzetik gizonezko bat zuela ohartu zen. Beldurrak jota, lagun bat deitu zuen telefonoz eta honi esker, lagunak erasotzaileak emakumezkoari egiten ari zion erasoa entzun zuen.
Ondoren, lagun honek biktimaren ama deitu zuen eta ama kalera irten zen, alaba laguntzeko prest. Amak etxetik hurbil aurkitu zuen alaba, autobus geltoki batean, erasotzailetik ihes egiten saiatzen. Une hartan, erasotzaileak biktima utzi eta alde egin zuen.
Emakumeak Ertzaintzari esandakoaren arabera, erasotzaileak zirriak egin zizkion eta aho bidezko sexua izaten saiatu zen. Salaketa aurkeztu ostean, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen eta erasotzailea identifikatu zuen. Astelehen honetan aurkitu zuten bere etxean eta atxilotu zuten, askatasun sexualaren aurkako delitua egotzita.