Gizartea -
Aralarren ekimena
Zenbaki profesionala ikusgai izatera behartu dituzte ertzainak
Herrizaingo Batzordeak onartutako ekimenak “gardentasuna eta “ertzainen eta herritarren segurtasuna” babesten saiatuko da.
Erredakzioa
Aralarrek aurkeztutako ekimena aho batez onartu da Eusko Legebiltzarrean. Ekimen horretan ertzainek bere burua identifikatzeko duten zenbaki profesionala agerian eramatea eskatzen zen, eta Herrizaingo Batzordearen onespena izan du.
“Ohikoa da gure gizartean herritarrak kalera jotzea, protesta egitera eta mehatxaturik sentitzen dituzten eskubideak defendatzera. Baina sarritan, manifestazio eta bilkura horiek poliziaren begiradapean egiten dira. Batzutan istilurik ere gertatzen da, eta pertsonak kolpatuak gertatzen dira. Auzibidera joaten denean, eta ertzaina identifikatzeko modurik ez egotean, herritarrek aurkezturiko salaketak artxibatu egiten dira” esan du Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak ekimen hau azaltzeko orduan.
“Gardentasuna eta segurtasuna” defendatzea dira, Aralarren iritziz, ekimen honek bilatu beharko lituzkeen helburuak. Hori lortzeko asmoz, hainbat herrialdeetako poliziek beraien identifikazio zenbakiak agerian dituztela gogoratu du Basabek.
Lege honek, baina, uniformean kode bikoitza erabiltzea eskatzen du, bai ertzainei bai herritarrei segurtasuna emateko, Aralarren iritziz “herritarrek pertsona zehatzen kontra salaketa jartzeko duten eskubidea” babestu egin behar delako, “eta baita ere ertzainen zenbaki profesionala ere”.