Gizartea -

Eusko Jaurlaritzak aurkeztuta

Arreta telefono berria, tratu txarrak jaso dituzten adinekoentzat

Adinekoei emandako tratu txarrak prebenitzeko kanpaina martxan jarri du Enplegua eta Gizarte Gaietarako Sailak. Litekeena da 13.000 adineko egoera honetan egotea.

Gemma Zabaleta, kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Adinekoei emandako tratu txarrei aurre egiteko kanpaina berezia

01:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adinduei eskainitako tratu txarrak saihesteko kanpaina eta balizko biktimei zuzendutako arreta telefonoa jarriko ditu martxan Eusko Jaurlaritzak astelehen honetatik aurrera. Baliteke 13.000 adineko inguru egoera honetan egotea.

Abian jarritako sentsibilizazio kanpaina eta doako arreta telefonoa berriak dira Estatu mailan. Europako beste herrialdeetan, ordea, martxan daude dagoeneko, esaterako, Frantzian, Gemma Zabaleta sailburuak astearte honetan Donostian azaldu duenez.

"Ez horrelakorik onartu" da kanpainaren leloa eta hilaren 17tik aurrera, autobus geltokietan eta osasun zentroetan kartelen bidez iragarriko da. Gainera, irratian eta telebistan iragarkiak emitituko dituzte eta Interneterako webgune bat sortuko dute.

Doako arreta zenbakia (900 855 001) 24 orduz egongo da martxan. BetiON telelaguntzako langileek hartuko dituzte deiak eta kasuaren arabera, sail batera ala bestera bideratuko dituzte.

Zabaletaren sailak iaz egindako txosten baten arabera, litekeena da 60 urte baino gehiagoko 13.000 adinekok tratu txarrak jaso izana eta ondorioz, antsietatea, etsialdia, garbitasun nahiz etxebizitzaren bizigarritasun falta pairatzea (kasu larrienetan, ubeldura, erredurak edo malnutrizioa).

Hori dela eta, funtsezkoa da arazo hau "agerian" jartzea. Zabaletaren arabera, "arazo hau Euskadin ez dago hedatuta baina honen gainean arreta jarri behar dugu". "Duina eta eskubideak dituen zahartze progresibo" baten alde egin du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea