Gizartea -
Sumendi alerta
Alerta gorria ezarri dute Hierron sumendi arriskuagatik
Larrialdietarako agintariek alerta maila igo dute La Restinga herrian, kostaldetik hurbil beste erupzio bat izan daitekeelako. Herri honetako biztanleak hustu egin dituzte.
Erredakzioa
Sumendi Arriskuagatik Larrialdietarako eta Babes Zibileko Planaren Zuzendaritzak alerta maila igo du astearte honetan Hierroko La Restigan herrian, kostaldetik hurbil itsaspeko beste erupzio bat egon daitekeelako, Juan Manuel Santana Kanariar Uharteko Segurtasunerako eta Larrialdietarako zuzendari orokorrak jakitera eman duenez.
Alerta gorria soilik Restingan jarri dutela esan du zuzendari orokorrak, irlaren gainontzeko tokietan horiak jarraituko du. Prebentziozko neurria dela adierazi du, eta jendea badaezpada atera dute etxeetatik. Zona horretan 500 lagun inguru bizi dira.
Halaber, Hierroko agintariek Sumendi Arriskuko Planak zehaztutako bilera gunera joateko eskaera egin diete herritarrei. Ondorioz, kostaldeko herri honen biztanleek futbol zelaira joateko agindua jaso dute, agintarien argibideak jarraitzeko.
Atzo Hierron izandako itsaspeko erupzioa kostaldetik bost kilometrora eta 1.000 metrotako sakoneran jazo zen. Erupzio horretatik hurbilen dagoen herria La Restinga da (547 biztanle ditu).
Uztailetik hona 10.000 lurrikarek astindu dute Hierro. Haien artean, garrantzitsuena larunbatean izan zen, Ritcher eskalako 4,3 gradukoa. Astelehen honetako erupzioa itsasoan jazo zen eta ez zuen herritarrentzako arriskurik suposatu.
Kanariar irla honetara bertaratu diren Ikerkuntza Zientifikoen Goi Mailako Batzordeko eta Institutu Geologiko Nazionaleko adituek ez zuten beste erupzio berri baten aukera baztertu, kostaldetik hurbilago gainera. Aukera honek indarra irabazi du azken orduetan.
Kanariar Uharteko Gobernuak eta Hierroko Kabildoak babes zibileko segurtasun planek zehaztutako segurtasun puntuetara herritarrak eramateko asmoa dute.