Gizartea -
NESKATOEN NAZIOARTEKO EGUNA
Save the Children: Ezkontzera behartutako neskak 12 milioi izango dira urte amaieran
COVID-19aren pandemiaren ondorioz, mundu osoan milioika neskatok eskubide urraketak jasateko arriskua areagotzen ari dela ohartarazi du erakundeak.
EITB.EUS
Urriaren 11n ospatuko den Neskatoen Nazioarteko Egunaren atarian Save The Children erakundeak salatu duenez, 12 milioi neskato ezkontzera behartuta egongo dira 2020. urtearen amaieran. Gaineratu duenez, COVID-19ak mundu osoko neskatoen zaurgarritasuna areagotu du.
Save the Childrenek ohar baten bidez ohartarazi duenez, pandemiak areagotu egin du milioika neskatok euren eskubideak urratzeko duten arriskua. Mehatxu horien artean dago ezkontzera behartua izatearena. Gobernuz kanpoko erakundeak gaineratu duenez, 2020. urtearen amaierarako ezkontzera behartutako neskatoen kopurua 12 milioikoa izango da. Gainera, ezkontza horietatik bi milioitan neskak 15 urte bete baino gutxiago izango ditu.
Erakundeak egindako kalkuluen arabera, 2,5 milioi neska gehiago ezkontzera behartuko dituzte datozen bost urteetan. Bost urtean behin, batez beste, behartutako 58,4 milioi ezkontza izaten dituzte neskatoek. Gauzak horrela, 2025. urterako behartutako 61 milioi ezkontza izango dira neskatoen eta nerabeen artean.
Garapen bidean dauden herrialdeetan, ordea, neskatoek arrisku handiagoa dute ezkontza behartua eta beste indarkeria mota batzuk pairatzeko. Dena dela, arrisku hori mendebaldeko herrialdeetan ere badagoela ohartarazi du Save the Childrenek.
Gainera, Save the Childrenen arabera, pandemiaren ondorioz pertsona gehiago ari dira pobrezia egoeran geratzen. Izan ere, milioika neskatok lan egin behar izaten dute beren familiak mantentzeko, gaixo dauden senideen zaintzaile nagusi bihurtu behar izaten dute eta eskola utzi behar izaten dute, eta mutilek baino askoz aukera gutxiago izaten dute aurreko egoerara itzultzeko.
"Gero eta arrisku handiagoa dago sexu-indarkeria eta sexu-esplotazioa jasateko, eta, horrekin batera, elikadura eta ekonomia alorretan segurtasun eza areagotzen ari da. Ondorioz, guraso askok sentitzen dute alabak ezkontzera behartzea beste aukerarik ez dutela. Ezkontza horiek nesken eskubideak urratzen dituzte, eta depresioa, bizi osorako indarkeria, ezintasunak eta hiltzeko arriskua areagotzen dituzte, baita erditzean ere, haien gorputzak ez baitaude erditzeko prestatuta", ziurtatu du Catalina Perazzo Save the Childreneko Sentsibilizazio eta Haurtzaro Politiken zuzendariak.
Neskatoen aurkako indarkeria prebenitzea lehentasuna da Save the Childrenentzat, baita pandemia baino lehenagotik ere. Hala ere, gaur egun ahaleginak askoz handiagoa izan behar duela uste du. Izan ere, nazioarteko hainbat txostenen arabera, koronabirusak genero indarkeria areagotu du mundu osoan.
Eskolaratzeari dagokionez, koronabirusaren eraginez ikastetxeak ixteak etena eragin du 1.600 milioi haurren hezkuntzan, eta Save the Childrenen ustez, neskato asko ez dira inoiz itzuliko, lan egiteko presioa gero eta handiagoa delako, nahitaez ezkontzeko arriskua dagoelako, haurdun dauden neskak eskolara joateko debekua dutelako eta hezkuntzarekin kontaktua galtzen dutelako.
Save the Childrenek dekalogo bat egin du neskatoak egungo egoeran babesteko eta garatzeko gomendioekin, jatorrizko herrialdea, egoera sozioekonomikoa eta familiarra edo ezaugarri identitarioa edozein dela ere. Neurri horien artean daude, neskatoek beren iritziak eta beharrak adierazteko espazio gehiago sortzea, derrigorrezko ezkontzak ezabatzea eta maila guztietako datuak xehetzea, egoera ahulenak non eta zenbat pairatzen dituzten ikusteko.